Maila politean osatu zuen Kontxako sailkatze estropada Hernaniko Maialen traineruak, ostegunean, 17garren postuan bukatu arren. 11:46 denboran osatu zuen erlojupeko proba, eta oso segundu gutxiko tartean izan zituen aurreko hiruak: Deustu (11:43), Cesantes Rodavigo-Amegrove (11:44) eta Ondarroa (11:46). Atzetik izan zituen beste hiru traineru: Perillo (12:02) eta Rianxo (12:06) galiziarrak, eta Castropol asturiarra (12:39). Zazpigarren postua minutu erdi pasatxora geratu zitzaien, 11:12 denbora markatu baitzuen Oriok, juxtu-juxtu sailkatzeko.
Oriorekin lortu du Kontxan aritzeko plaza Eider Barba hernaniarrak, eta herriko beste bi arraunlari ere ariko dira datozen bi igandeetako lehian: Jone Pastorren Tolosaldea (11:02) bigarren izan zen ostegunean, eta Nora Urberen Hibaika (11:11) bosgarren. Hondarribiak, ordea, ez du plaza lortu aurtengoan, bederatzigarren sailkatuta (11:14), eta Kontxan aritzeko aukerarik gabe geratu dira Miren Garmendia eta Maider Perez.
Hiru hernaniarrekin, guztira bailarako bederatzi arraunlari izango dira Kontxako estropadan, gizonezkoetan ariko baitira sei, Donostiarrarekin: Ander Balda, Unai Loyarte eta Markel Zapiain astigartarrak; eta Iker Imaz, Xabat Pastor eta Jon Iruretagoiena hernaniarrak.
Goizeko 11:00etan hasiko da emakumezkoen estropada bihar, eta honakoak izango dira txandak, zozketak hala erabakita: Orio, Chapela, Kaiku eta Astillero aurrenekoan; eta Tolosaldea, Arraun Lagunak, Hibaika eta Donostiarra bigarrenean. Gizonezkoek, berriz, eguerdiko 12:00etan ekingo diote: Hondarribia, Cabo, Kaiku eta Zierbena aurrena; eta Orio, Getaria, Bermeo eta Donostiarra ondoren.
«Aho zapore ederrarekin», Maialen traineruko kideak
Sailkatze estropadarekin bukatu du traineru denboraldia Hernanik, eta pozik geratu dira egindakoarekin: «Bi helburu geneuzkan ostegunerako, gure maila erakustea eta gustura bukatzea; gozatzea, alegia. Eta lortu genuen. Oso motibatuta abiatu ziren arraunlariak, eta bikain aritu ziren. Aho zapore ederrarekin etxeratu ginen guztiok», adierazi du Asier Ocon entrenatzaileak.
«Gainera, Galiziako Ligako bigarren sailkatua, Cesantes, soilik gu baino bi segundu azkarrago aritu zen; eta Perillo hirugarrena gure atzetik. Horrek erakutsi digu ETE Ligako maila oso polita izan dela aurten. Eta gu ere saltsan gaudenez, baikortasunez begiratu diezaiokegu etorkizunari».