Gaur hasiko da ligaxkaren bigarren jardunaldia, Buruz Buruko Txapelketan; eta ia hil ala biziko partidua daukate Imanol Ansa urnietarrak eta Aritz Juanenea saldiastarrak. Bereziki klabea da Ansarentzat, joan den asteko porrotak kinka larrian utzi baitzuen, puntu negatibo batekin. Irabazi beharra dauka gaurkoan, iaz jantzitako txapela defendatzen jarraitu nahi badu.
Arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia Galarretan. Ikusmina piztuko du Ansa, azken hilabeteetako erremontista onena buruz buru, bai ala bai irabazi beharrean ikusteak. Sentsazioak bere alde izango ditu Juaneneak, oso oso estu hartu baitzuen Endika Barrenetxea aurreneko jardunaldian. Gainera, bi puntu dauzka sailkapenean, galdu arren. Urnietarrak, berriz, Javier Urrizaren kontrako porrota ahaztu beharko du, eta bere maila onena berreskuratu, lau puntu lortu eta lehian sartzeko.
Barrenetxea eta Urriza, finalera pase zuzena lortu nahian etzi
Joan den asteko galtzaileen arteko lehia izango da gaurkoa, eta etzi jokatuko dute bi irabazleek: Barrenetxeak eta Urrizak. Haien kasuan, bestelakoa da jokoan dagoena: finalerako pase zuzena bideratzeko aukera. Irabazleak pauso haundia emango luke bide horretan, sailkapenean zortzi puntu lortuta.
Horren ondoren, jardunaldi bakarra faltako dute ligaxkan, postuak erabakitzeko: lehenengoa sailkatuko da finalera, eta bigarrenak eta hirugarrenak jokatuko dute semifinala.
Gaurko jaialdian, bestalde, binakako bi partidu ere jokatuko dituzte. Aurrenekoan, Aritz Zubiri goizuetarrak jokatuko du, Susperregirekin batera, Irazuren eta Zalduaren kontra. Bigarrenean, Segurola-Larrañaga eta Ezkurra II-Martirena bikoteak izango dira aurrez aurre.