Martxan da urteko estropadarik garrantzitsuena, Donostian: Kontxako Bandera. Atzo arratsaldean jokatu zen gizonezkoen sailkatze estropada, eta emakumezkoen txanda izango da gaurkoan. Horretan, ez du hutsik egingo Hernaniko Maialen traineruak.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da estropada, eta 20 traineru ariko dira erlojupeko lehian, zazpi plazetako bat lortu nahian, datozen bi igandeetan Kontxan aritzeko. Oso erronka zaila daukate hernaniarrek: ETE Ligan topatu duten maila haundiari, Euskotren Ligako traineruena batuko zaio gaurkoan, eta baita Galiziako Ligako traineruena ere. Baina ilusioz helduko diote estropadari hernaniarrek: «Berezia eta polita da estropada hau, eta gogotsu joango gara. Ondo entrenatzen jarraitu du taldeak, eta sailkatze estropadan ikusiko dugu nolako maila daukagun, Euskotren Ligako zein Galiziako Ligako traineruekin alderatuta», azaldu du Asier Ocon entrenatzaileak.
Arraun Elkarteak deia luzatu die herritar guztiei, kamixeta berdea jantzita Donostiara hurbildu daitezen, Maialen trainerua animatzera eta arraunlari zein entrenatzaileen lana aitortzera. Gainera, trainerua ikusgai egongo da Portaletasen, estropadaren aurretik zein ondoren.
Traineru berdeko kideez gainera, Euskotren Ligako traineruen artean ere bada arraunlari hernaniarrik. Hondarribiarekin ari dira Miren Garmendia eta Maider Perez, beste urte batez; Oriorekin jarraitzen du Eider Barbak ere; eta Hibaikarekin Nora Urbek. Jone Pastor, berriz, Tolosaldearekin ari da aurten.
Gizonezkoetan, bailarako sei arraunlari Donostiarrarekin
Atzokoan ere izan zen bailarako arraunlaririk, gizonezkoen sailkatze estropadan, baina ez zuten lortu plazarik. Ivan Lopez hernaniarrak gertu izan zuen, Ondarroarekin: bost segundu exkaxera geratu zen, 10garren postuan.
Edonola ere, Urumea bailarako sei arraunlari ariko dira datozen bi igandeetan. Izan ere, plaza ziurtatuta zeukan Donostiarrak, eta bailarako sei arraunlari ari dira traineruan aurten: Ander Balda, Unai Loyarte eta Markel Zapiain astigartarrak; eta Iker Imaz, Xabat Pastor eta Jon Iruretagoiena hernaniarrak. Ligako azkeneko estropadetan sekulako mailan aritu ondoren, Kontxako Bandera astintzea dute amets.