Lekunberrin izanen du hurrengo hitzordua Mendialdeko Azoka Ibiltariak, igande honetan. Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 15:00etara jarriko dute, elikagaien eta artisautza produktuen 26 posturekin. Tartean izanen dira Goizuetako eztigileak eta Domiña baserriko abeltzainak.
Denetik aurkituko dute bisitariek: mota guztietako gaztak, pateak, barazkiak, mermeladak, garagardoa, txekor zein betizu haragia, eztia, txokolatea, kosmetika naturala, egur-tailak, pitxiak, zeramika...
Baina azokaz gainera, besterik ere izanen da Lekunberrin. Nekazari Eguna ospatuko dute igandean bertan, Mendialdeko Azokarekin bat eginez, eta zaldi aziendak izanen dira. 2016an egin zuten abeltzaintza azoka azkenekoz, eta indarberrituta bueltatuko da aurten, balioa eman nahi baitiote «zaldi aziendek Mendialdeko ekonomian, kulturan eta paisaia tradizionalean izan duten zereginari».Aurreratu dutenez, eskualdeko ustiategietatik 100 abelburu baino gehiago izanen dira ikusgai igandean; eta salmentarako, berriz, 50 abelburu baino gehiago. Gainera, zaldi haragiz egindako pintxoak ere eskainiko dituzte.