Protagonista ari dira izaten Urumea bailarako esku pelotariak, beste urte batez, Antiguako Txapelketa ezagunean. Aurtengoan bailarako hiru ari dira lehian, eta hiruek lortu dute semifinaletara sailkatzea: Antton Apezetxea goizuetarrak elite mailan, eta Eñaut Lizeaga astigartarrak eta Xabier Apaolaza hernaniarrak promesetan.
Aste honetan geratu da erabakita ligaxkako sailkapena, eta euren multzoko bigarren postuan egin dute aurrera hiruek, partidu bana irabazita. Asteartean lortu zuen garaipen hori Apezetxeak. Fermin Arribillaga izan zuen bikotekide, Julen Alberdiren ordez; eta 22-15 nagusitu ziren Oskozen eta Erleren kontra.
Apaolazak eta Lizeagak, berriz, jokatuta zeuzkaten beraien partiduak, baina aste honetako partiduen zain zeuden, semifinaletan ariko ote ziren jakiteko. Eta halaxe gertatu da, biei egin diete mesede emaitzek.
Hori horrela, datorren astean jokatuko dituzte semifinalak hiruek. Asteartean ariko da Apaolaza, Arroitarekin batera, Rekalderen eta Elorzen kontra. Asteazkenean, berriz, Lizeagak jokatuko du aurrena, Garañorekin, Etxeberriaren eta Sotilen kontra. Eta Apezetxea ariko da ondoren, Alberdirekin, Gutierrezen eta Bernaolaren kontra. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da jaialdia Antiguako frontoian, bi egunetan. Emakumezkoen txapelketaren semifinalak ere jokatuko dituzte egun horietan.
Jaialdi guztiak osorik eskaintzen dituzte zuzenean interneten, YouTuberen bitartez, Antiguako Pilotazaleok kanalean.