22 urtez azpiko Mundialean ariko da Beñat Apezetxea

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 23a, 00:00

Igandean hasiko da 22 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketa, Iruñeko Labrit frontoian. Eta partehartzaileen artean izanen da Beñat Apezetxea goizuetarra, eskuz binakako lehian.

Espainiako selekzioak hautatuta ariko da Apezetxea, eta taldekide izanen ditu Unai Amiano irundarra, Unax Apeztegia baztandarra eta Carmelo Loza errioxarra, binaka aritzeko. Buruz burukoan, Ekhi Irribarria aramarra eta Iker Amiano irundarra ariko dira.

Abuztuaren 25etik 31ra jokatuko da Munduko Txapelketa, eskuz, palaz eta zesta puntaz. Eskuz binakako lehia astelehenean hasiko da, hilaren 26an. Sei selekzio ariko dira lehian, bi multzotan banatuta. Espainiak Kubaren kontra jokatuko du ligaxkako aurreneko partidua astelehenean, goizeko 09:00etan; eta asteartean bigarrena, Boliviaren kontra, 16:00etan. Multzoko bi talde onenek eginen dute aurrera, semifinaletara. Frantzia, Mexiko eta Peru daude beste multzoan.

Sailkatutako lau taldeek, abuztuaren 29an jokatuko dituzte semifinalak, ostegunez, arratsaldeko 16:00etan hasita. Eta finala txapelketaren azkeneko egunean izanen da, hilaren 31n, 17:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!