Abuztuaren 25etik 31ra jokatuko da, Iruñeko Labriten, 22 urtez azpikoen Munduko Euskal Pilota Txapelketa, Nazioarteko Federazioak antolatuta. Eta txapelketa hasiko den egunerako, igande honetarako, deialdia egin du Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak, Iruñean bertan.
Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko ekitaldia antolatu dute: «Munduko Txapelketa honetan, hainbat selekziok hartuko dute parte; besteak beste, Espainiak eta Frantziak. Baina, tamalez, Euskal Herriko selekziorik ez da izango lehian. Gure herrian, gure kirolean eta gure frontoian jokatuko den arren, oraingoan ere ez dugu gure selekzioa ikusteko eta animatzeko aukerarik izango. Ondorioz, beste behin, selekzio gisa ez dira errespetatuko gure eskubide kolektiboak eta indibidualak», aldarrikatu dute.
Hori horrela, antolatu dute «Euskal Herriko euskal pilota selekzioaren aldeko jaialdi irekia, herrikoia eta aldarrikatiboa». Nabarmendu dute, ekitaldia ez dela «inoren aurkakoa», euskal selekzioaren alde «jai giroan eta 'ofizialtasuna noiz?' lelopean» antolatutako ekimen herrikoia baizik.
Eskuz eta palaz partidu bana, Enara Macicior tartean dela
Arratsaldeko 16:00etan jarri dute hitzordua, Jito Alai frontoian, Labriten atzean. Komunikatua irakurriko dute, eta 16:30etan hasiko da pelota jaialdia, bi partidurekin. Aurrenekoan, emakumezkoak ariko dira palaz: Enara Macicior hernaniarrak jokatuko du, Leire Galdos taldekidearekin batera, Zabaltzaren eta Larralderen kontra. Eta bigarren partiduan, gizonezkoen eskuzko lehia izango da: Azketa eta Altuna, Rekalderen eta Bernaolaren kontra.
Bukatzeko, 18:00etan, elkarretaratzea egingo dute Labriten aurrean. Herritar guztiei luzatu diete gonbitea, Iruñeara joan eta ekimenarekin bat egiteko: «Garrantzitsua da parte hartzea».