Antiguako Txapelketako bigarren partidua gaur, Antton Apezetxeak

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 20a, 00:00

Antton Apezetxea, Arano-Goizueta desafio batean.

Julen Alberdirekin batera, Egigurenen eta Erleren kontra ariko da 19:00etan, ligaxkako bere bigarren partiduan.

Gaur jokatuko du Antton Apezetxea goizuetarrak bere bigarren partidua, Antiguako Txapelketaren ligaxkan, nagusien mailan. Arratsaldeko 19:00etan hasita, Julen Alberdirekin batera ariko da, Egigurenen eta Erleren kontra. Eta garaipena behar du, semifinaletara sailkatzeko. Bi bikoteek porrota jaso zuten Hormaetxeren eta Landaren kontra, eta beraien artean jokatuko dute multzoko bigarren postua: gaurko irabazleak egingo du aurrera. Parekotasun haundia izan da multzoko hiru bikoteen artean, eta hala espero da gaurko partidu erabakigarrian ere.

Txapelketaren aurreko bi edizioetan jantzi du txapela Apezetxeak, nagusietan: 2022an Igoarekin, eta 2023an Amianorekin.

Xabier Apaolaza eta Eñaut Lizeaga, emaitzen zain

Urumea bailarako beste bi pelotari ere ari dira txapelketan; biak ere, promesa mailan: Xabier Apaolaza hernaniarra, Arroitarekin; eta Eñaut Lizeaga astigartarra, Garañorekin.

Dagoeneko jokatu dituzte beraien bi partiduak, Apaolazak eta Lizeagak, partidu bana irabazi eta beste bana galduta. Eta orain, beste partiduetako emaitzen zain daude, semifinaletan ariko diren jakiteko. Lizeagak behar du gaur Rekaldek eta Elorzek irabaztea, Sarasibarren eta Belokiren kontra. Apaolazak aurrera egiteko, berriz, Etxeberriak eta Sotilek irabazi behar dute bihar, Aranbarriren eta Santestebanen kontra.

Datorren astean jokatuko di­tuzte torneoko semifinal guztiak, astear­­tean eta asteazkenean; eta larun­batean bertan finalak, abuztuaren 31n.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!