Festa giroak hartuko ditu Arano eta Santiomendi ere gaurkoan, San Roke eguneko ospakizunarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 16a, 00:00

Ikusmina piztu zuen asto demak, atzo eguerdian, Santiomendin.

Giro ederrean ospatu zuten Santiomendiko Jaia atzo, eta segida emango diote gaurkoan, Santiomendiko ermitan elkartuta. Aranon, txistularien erritmora ospatuko dute San Roke eguna, baselizara bertaratuta.

Festa giro paregabea izan zuten astigartarrek atzo, Santiomendiko Jaien lehenengo egunean. Gaur, festarekin jarraituko dute, San Roke eguna ospatuz. Egitarau zabala izango dute auzotarrek, eta ez da geldirik egoteko tarterik izango. 

Dianaren doinuek esnatu zituzten atzo Santiomendiko auzotarrak. Festa eguna zuten atzokoa. Tortilla eta sagardo lehiaketarekin hasi zuten egitaraua, eta ikusmina piztu zuen asto demak ondoren, bertaratuen artean. Arratsaldeko saiora indartsu iristeko, bazkari herrikoia izan zuten Larrarte sagardotegian, eta Santiomendi ermitaren inguruan elkartu ziren ondoren, herri kirolez gozatzeko. Auzoko eta bailarako zenbait gaztek hartu zuten parte. Jarraian, toka txapelketa eta afari herrikoia Donejakue ermitan. Eta gaua 3ttu Astigarragako erromeria taldeak girotu zuen.

Festak segida izango du gaur, Santiomendiko ermitan. Izan ere, San Roke eguna ospatuko dute auzotarrek, eta meza egingo dute 11:00etan. 12:00etan emanaldia izango da, Astigar taldeko dantzarien eta Txirrisklako txistularien eskutik. Jarraian, 3ttu erromeria taldeko kideek bigarren saio bat eskainiko dute. Eta modurik onenean borobilduko dituzte jaiak: bazkari herrikoia egingo dute, eta Ken Bat taldearekin dantzaldia bazkalostean. 

San Roke eguna, Aranon ere

Arano ere festa giroan murgilduko da gaur, San Roke eguna ospatzeko. Euskal Herriko txoko ezberdinetako txistulariak bilduko dira herrian 10:00etan, eta 11:00etan egingo dute meza baselizan. Ondoren, ohiko hamaiketakoa eta bazkari herrikoia egingo dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!