Uda garaian ere, bertsoz jantziko da Hernani. Udako kultur eskaintzari bere ekarpena egin nahian, Udako Bertso Saioa antolatu du Paulo Txikiya Bertso Eskolak, ostiral honetarako. Tilosetako eskaileretan izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita; eta lau bertsolari ariko dira kantuan: Eli Pagola, Eñaut Martikorena, Andoni Rekondo eta Uxue Fernandez. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Irati Zinkunegi ariko da.
Doakoa eta irekia izango da saioa, eta bertara gerturatzen diren guztiek izango dute bertsoez gozatzeko aukera.
Urtean zehar antolatzen duen jarduera sorta haunditzea da Bertso Eskolaren asmoa, bertsoari jarraikortasun haundiagoa emanez, beste formatu bateko ekintzekin. Bide horretan antolatu dute ostiraleko saioa, udako hutsunea betetzeko.
Gainera, oso garai aproposa da bertsolarientzat, plazara atera eta saioen erritmoa berreskuratzeko. Izan ere, dagoeneko Gipuzkoako Txapelketari begira daude, etzi Tilosetan ariko diren lau bertsolariak. Hilabete barru hasiko dute txapelketa: irailaren 14an Urretxun ariko da Andoni Rekondo hernaniarra; irailaren 22an Elgoibarren daukate hitzordua Eli Pagola ereñotzuarrak eta Uxue Fernandez urretxuarrak; eta irailaren 29an kantatuko du Eñaut Martikorena hernaniarrak, Andoainen.