Bi sute izan ziren larunbatetik iganderako gauean, Urumea bailaran. Aurrenekoa, kalte gehien eragin zituena, Hernaniko Jauregi bailaran gertatu zen. Bertako obra batean gertatu zen ezbeharra, eta hiru exkabadora edo hondeamakinak jaso zituzten kalteak, sutearen eraginez.
Inguruko bizilagunen abixua jasota, bertara azaldu ziren Ertzaintza, Hernaniko Udaltzaingoa eta Donostiako Suhiltzaileak, eta sua itzaltzea lortu zuten. Sutea zerk eragin zuen ikertzen ari dira orain.
Astigarragan gertatu zen gau horretako beste sutea Urumea bailaran, Donostiako Suhiltzaileek jakinarazi dutenez. Herriko kale bateko edukiontzi batek hartu zuen su, eta hura itzaltzera bertaratu behar izan zuten suhiltzaileek.