Piraten historia ezagutzeko aukera, Itsas Film Festibalean

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 12a, 00:00

Gaur irekiko da Aquariumeko Itsas Festibaleko 12. edizioa. Abuztuaren 17ra arte izango da eta filmak eguerdiko 12:00etan eskainiko dira.

Gaur, abuztuak 12an irekiko dute Aquariumeko Itsas Film Festibaleko 12. edizioa. Ekitaldi hau gaurtik abuztuaren 17ra izango da, Donostiako Aste Nagusiarekin bat eginez. Egun horietan, publikoak itsas mundu liluragarrian murgiltzeko aukera izango du ozeanoarekin lotutako film onenen aukeraketa baten bitartez. Vicente Zaragüeta hernaniarrak Aquariuma berpiztu zuen presidentea izan zen urteetan eta karguan zegoenean jarri zen martxan Itsas Festibal hau. Bultzatzaile nagusienetako bat izan zen.
Jaialdiak egitarau anitza izango du edizio honetan, eta bertaratzen direnei urrutiko lurrak arakatzeko, itsas espezie berriak ezagutzeko eta itsasoko istorio liluragarriak ikasteko aukera emango die. Besteak beste, piraten historia ezagutzeko aukera izango da eta Lisa Andersenen surfistari buruzko dokumental bikaina ezagutzeko aukera paregabea edukiko dute bertara gerturatzen direnek. Lisa Andersen, surfaren aitzindaria eta pertsonaia enblematiko bat da.
Zinema ez ezik, itsasoarekin dugun lotura sakona ere ospatzen du jaialdi honek, zinema eta ozeanozale guztientzat esperientzia paregabea eskainiz. Zalantzarik gabe, galdu ezin den ekitaldia izango da Donostian.
 
Filmak doan, Auditorioan erreserbarik gabe
Filmak doan emango dituzte Aquariumeko Auditorioan, egunero eguerdiko 12:00etan, gaurtik abuztuaren 17ra bitarte. Aforo mugatua denez, erreserba gabe eserlekuak bukatu arte sartu ahalko dira ikusleak.
Gaur Ozeanoaren Etorkizuna ,52 minutuko dokumentala eskainiko da. Bihar berriz Cimasub Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa-ren txanda izango da ordu betez. Etzi, En solitario filma ikusi ahalko da eta abuztuaren 15ean, ostegunean Piraten benetako historia filma proiektatuko da. 
Ostiralean, abuztuaren 16an, Lisa Andersen surferaren historia ezagutuko da eta festibala itxiko du, abuztuaren 17an, Aquarium dokumentalak. Donostiako Aquariumaren nondik norakoak euskeraz ezagutu daitezke dokumental honetan.
Urtero arrakasta haundia izaten du itsas film festibalak eta aurten ere egitaraua horretarako prestatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!