Azpirozek Jabaleraren ametsarekin amaitu du

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 12a, 00:00

Xabier Azpiroz nagusitu zen Aimar Jabaleraren aurka.

30-15 garaitu du Buruz Burukoan eta Urrizaren aurka jokatu beharko du Uitzikoak datorren larunbatean.

Xabier Azpirozek Aimar Jabalera kanporatu zuen Buruz Buruko Erremonte Txapelketa Nagusitik, 30-15, erraz nagusitu ondoren. Atzelariak ez zion aurrelariari aukerarik eman eta askoz gehiago izan zen partidu osoan zehar. Uitzikoa, beraz, Urrizaren aurkari izango da datorren larunbatean, abuztuaren 17an, hurrengo kanporaketan.
Azpiroz bikain aritu zen partidu osoan zehar, jokoaren arlo guztietan nagusi izan zen eta Jabalera erraz gainditu zuen. Ez zion Doneztebeko erremontariari inongo momentuan partiduan sartzen utzi. Ondo atera zuen, hobeto peloteatu zuen eta beti bezala, bikain defendatu zuen. 
Baliabide asko dituen erremontaria da, eta hori beste behin erakutsi zuen. Aimar Jabalerak ongi hasi behar zuen aukeraren bat izateko, baina Azpirozek hasieratik egin zuen ihes markagailuan. Uitziko atzelariaren mailako aurkarien aurka ezin da hotz hasi eta oraingoan ongi hasten saiatu bazen ere, irteerako 9-1ekoak aurrelari gaztea kondenatu zuen. 
Errenta hori hamar tanto ingurukoa izan zen 20-10eraino eta 8-2ko partzial berri batek, 28-12an jarri zuen markagailua. Azkenean Jabalerak hiru tanto egin zituen jarraian, baina Azpirozek 30-15eko emaitzarekin itxi zuen partidua.
Azpirozek 21 tanto egin zituen peloteoan eta akats bakarra egin zuen. Saketik lau tanto egin zituen, askorik ez, baina beti zaildu zuen Jabaleraren errestoa. Jabalerak hamaika tanto eta lau huts egin zituen peloteoan, eta hiru tanto lortu zituen saketik. Jabaleraren ametsa amaitu zuen garaileak.

Barrenetxea jaun eta jabe, eta Apezetxea garaile, goizuetarren arteko lehian
Binakako partidu nagusian Ezkurra eta Barrenetxea jaun eta jabe izan ziren eta 9-15 eta 4-15 irabazi zieten Urriza eta Juaneneari. Markagailuak dena esaten du.

Antzeko zerbait gertatu zen lehenengo partiduan, non Goikoetxea eta Apezetxea 15-11 nagusitu ziren, 15-7 Gurrutxaga eta Zubiriren aurka. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!