Laiene Pikabea, Igoin Pikabea eta Oihana Fernandez, Sunbillan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 8a, 00:00

Ramon Latasa sari entzutetsuan arituko dira, igandean 18:30etan, aizkoran emakumezkoen lehian eta gazte eta beteranoen erronkan.

Ramon Latasa sariaren 21garren edizioa igandean jokatuko dute Sunbillako pelotalekuan 18:30etan hasita. Herri-kirolen jaialdi aparta izango da aurtengoa ere, punta-puntako 26 kirolarik parte hartuko baitute eta bertan Hernaniko eta Ereñotzuko hiru aizkolari arituko dira: Laiene Pikabea, Oihana Fernandez eta Igoin Pikabea. 

Garai bateko aizkolari onenak, eta momentuko emakumezko zein gizonezko aizkolari eta harri jasotzaile onenak ariko dira Sunbillan. Ramon Latasa aizkolari sunbildarraren omenez urtero jokatzen den binakako aizkolari lehiaketa da hau. 2002an jokatu zen lehen ekitaldia, eta 2022tik aitzinera, gizonezkoen lehiaketaz gain, emakumezkoena ere jokatzen da.

Emakumeak hirugarrenez

Emakumeen Ramon Latasa sariaren hirugarren edizioa ere jokatuko da. Egungo emakumezko aizkolari onenak lehiatuko dira, eta gainera aurten hiru bikote ariko dira nor baino nor gehiago. Bikote bakoitzak 45 ontzako bortz enbor moztu beharko ditu. Arabarra, baina Hernanin bizi den Oihana Fernandez, Nerea Sorondorekin arituko da. Laiene Pikabeak, Karmele Gisasolarekin osatuko du bikotea eta faborito izango dira Nerea Arruti eta Uxue Ansorregi. 

Nafarroa eta Gipuzkoako aizkolariak, belaunaldi arteko lehian

Ekitaldi berean, ikusleek Nafarroako eta Gipuzkoako bi belaunalditako aizkolarien arteko lehia ikusteko aukera izango dute. Nafarroa ordezkatzen Donato Larretxea eta Antonio Jaunarena aizkolari beteranoak eta Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide aizkolari gazteak ariko dira, eta Gipuzkoa ordezkatzen Angel Arrospide, Jose Ugarteburu aizkolari beteranoak eta Igoin Pikabea ereñotzuarra eta Unai Etxeberria aizkolari gazteak. Talde bakoitzak 45 ontzako hamarna enbor moztu beharko ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!