Hodei Lujanbio bigarren, Txirrita Mendi Lasterketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 6a, 00:00

Hodei Lujanbio, semearekin helmugaratzen.

Igandean jokatu zen bigarren urtez mendi lasterketa hau, Altzako mendi inguruetan.

 

Iaz estreinatuta, aurten bigarren edizioa jokatu du Altzako Txirrita Mendi Lasterketak. Korrikalariek 16,6 kilometroko ibilbidea egin zuten Altzako inguruetatik, 720 metroko goranzko desnibela gaindituz. Eguraldi paregabea eta giro ezin hobea izan zuten goizean goiz Altzako San Martzial plazatik abiatu ziren 250 korrikalariek. 

Gizonezkoetan Amets Aramberri zestoarra (1:12:34) eta emakumezkoetan Erika Alvarez Alduncin aresoarra (1:32:16) izan ziren lasterketako azkarrenak. Erika Alvarez bigarren urtez izan da garaile, iazko denbora lau segundoan hobetuz. Zestoarrak ere errekor berria ezartzea lortu zuen igandean. Bigarren sailkatu zen Hodei Lujanbio goizuetarra (1:15:09), lehenengotik hiru minutura. Hernaniko eta Astigarragako korrikalariak ere bertan izan ziren. Hamalaugarren amaitu zuen Mikel Martin hernaniarrak (1:25:07) eta hamaseigarren Arantxi de la Fuente astigartarrak (1:50:42).  

 

Berrikuntza nabarmenak

Altzatarra Kirol Elkarteak antolatutako probak, berrikuntza nagusi bat izan zuen aurten: lasterketa banaka eta binaka egiteko aukera izan zuten korrikalariek. Bestalde, tarte haundiagoa eskaini nahi izan zioten kulturari, horregatik, bertsoek presentzia nabarmena izan zuten lasterketaren hasieran, bitartean zein amaieran, Onintza Enbeita eta Andoni Egaña bertsolarien eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!