Banakako Txapelketa gaur aurkeztuko dute

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 6a, 00:00

Zarauzko txapelketako finalista guztiak, Xabier Txurruka alkatearekin.

Goizeko 11:00etan Chillida Lekun dute hitzordua txapelketa jokatuko duten zazpi erremontariek: Ansa II.a, Juanenea, Barrenetxea IV.a, Azpiroz, Urriza, Jabalera eta Martirena.

 

Buruz-Buruko Txapelketa Nagusia gaur aurkeztuko dute Chillida Leku museoan, goizeko 11:00etan hasita. Eusko Label saria izango da aurten eta zazpi erremontarik jokatuko dute. Urteko txapelketa garrantzitsuena da eta aurkezpenean izango dira, besteak beste, partehartzaile guztiak, pasa den urteko Ansa txapeldunak gidatuta. Bere alboan izango ditu Juanenea, Barrenetxea IV.a, Urriza, Azpiroz eta aurreko kanporeketatik sailkatu diren Jabalera eta Martirena. Bertan azalduko dira aurtengo txapelketako xehetasunak, Eusko Labeleko ordezkariekin eta Oriamendiko ordezkariekin batera.

Pelotariak sasoi betean daude, azken txapelketan ikusi ahal izan den bezala. Horietako txapelketa bat izan da igandean amaitu zen Zarauzkoa, frontoi motzean.

 

Aldabe-Azpiroz eta Goikoetxea V-Martirena, Zarauzko Torneoko txapeldunak

Igandean, Zarauzko Torneoa Aldabe-Azpirozen garaipenarekin amaitu zen A multzoan, eta Goikoetxea V eta Martirenaren txapelarekin, B multzoan. Txapelketa nagusian txapeldunek erraz gainditu zituzten finalean Ansa II.a eta Juanenea 0-2 (8-15, 8-15). B mailako finala parekatuagoa izan zen. Goikoetxea V.ak eta Martirenak 2-1 irabazi zuten, 15-14, 9-15 eta 8-4ko partzialekin, Gurrutxaga eta Zalduaren aurka.

Zarauzko Aritzbatalde pelotalekuak sarrera bikaina izan zuen, 500 ikusletik gora, eta txapelketa beste behin, oso arrakastatsua izan da, giro ezin hobearekin. Bailarako Barrenetxea, Zubiri eta Apezetxea finalerdietan geratu ziren kalean, ostiralean eta larunbatean.

A Torneoko finalak ez zuen espero zen emozioa izan. Aldabe eta Azpiroz, euren egunik izan ez zuten Ansa eta Juanenea baino gehiago izan ziren. Irabazleek primeran ulertzen dute elkar eta Azpiroz pelotaleku motzeko espezialista nagusienetakoa da, nagusiena ez esatearren, eta beste behin erakutsi zuen. Urdinen nagusitasuna erabatekoa izan zen.
Bi setak oso antzekoak izan ziren eta irabazleek ez zuten apenas hutsik egin partidu osoan zehar. Segituan ireki zuten aldea urdinek eta ezustekorik ez zuten nahi izan. Honela, zortzi tantotan utzi zituzten aurkariak. Azpiroz izan da Torneoko pelotari nabarmenena.

B multzoko finalean emozio gehiago izan zen. Finala ederra eta parekatua izan zen. Inor ez zen nagusitzen eta bi atzelariek paretsu jokatu zuten. 14na iritsi zen lehen setean, eta azken tantoa gorrien aldekoa izan zen Goikoetxearen pelotakada bati esker. Bigarren setean Gurrutxagak eta Zalduak asko hobetu eta 9-15 irabazi zuten. Set erabakigarrian Goikoetxea eta Martirena hobeto aritu ziren. Lau erremontistek maila onean eta oso ondo jokatu zuten. Abiada izan zen, borroka ere bai, eta xehetasunek erabaki zuten. Martirena izan zen onena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!