Egun hauetako beroa dela eta, zenbait alerta eta abisu aktibatu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Atzotik dagoeneko indarrean daude horietako batzuk, eta gaurko 00:00etatik aurrera aktibatuko dituzte besteak.
Egun osoan zehar aktibatuta egongo da Alerta Laranja tenperatura altu iraunkorrengatik. Izan ere, Euskalmeten iragarpenaren arabera, Urumea bailara inguruan 35 gradutara iritsiko dira termometroak eguneko momentu askotan. Ohi den modura, eguerdiko orduetan joko du gogorren eguzkiak; horregatik, 13:00etatik 19:00etara Abisu Horia gehituko zaio aurreko alertari, muturreko tenperatura oso altuengatik.
Azkenik, baso sute arriskuagatik ere abisu horia aktibatu du Jaurlaritzak, hau ere egun osorako.
Zenbait gomendio beroari aurre egiteko
Segurtasun Sailarekin batera, beroari aurre egiteko zenbait gomendio argitaratu ditu Osasun Sailak.
- Ondo hidratatu! Ura eta likidoak edan maiz.
- Jan elikagai arinak: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
- Arropa lasaia, arina eta transpiratzen duena erabili.
- Ez irten kalera jarduera fisiko haundia egiteko bero gehien egiten duen orduetan.
- Etxea fresko eduki, pertsianak jaitsi eta leihoak itxi bero egiten duen orduetan.
- Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza, aurpegia eta eskuak ur freskoarekin.