Aldundiak 15.000 izokin askatu ditu Urumea eta Oria ibaietan

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 29a, 00:00

Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko diputatua izokinak askatzen.

Aldundiak kudeatutako haztegian jaio dira izokin hauek. Askatzea Foru Erakundeak Natura 2000 Sarearen barruan abian duen proiektuaren barruan kokatzen da.

 

Urumea eta Oria ibaietan 15.000 izokin arrainkumeren askatu ziren uztailaren hasieran. Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatutako haztegian jaio dira izokin hauek. Askatzea Foru Erakundeak Natura 2000 Sarearen barruan abian duen proiektuaren barruan kokatzen da, lurraldeko biodibertsitatea babestea helburu duena.

Izokin arruntaren (Salmo salar) berreskuratzea 1990eko hamarkadan hasi zen, Gipuzkoako ibaietatik erabat desagertu baitzen, aurreko hamarkadetan bizitako industrializazioak eragindako ur-kutsaduraren ondorioz.

Azken hogeita hamar urteotan egindako lanaren ondorioz, gaur egun, Gipuzkoako ibaiek espezie horretako aleak

dituzte, eta urtero itsasoaren 100 ale inguru sartzen dira gure ibaietara ugaltzeko. Ekainean eta uztailean izokin haundiak sartzen dira (negu anitzekoak ere esaten zaie hauei, negu bat baino gehiago igaro baitute itsasoan), aurten 27 izokin sartu dira Urumean eta 20 Orian bi hilabete horietan. Kopuru horri ibaietan azarotik abendura bitartean sartzen diren izokin txikiagoak gehituko zaizkio, hilabete horietan ugaltzen baita espeziea.

 

Espeziea ugaltzeko lanetan dabil Aldundia

Aldundiak abian duen egitasmoaren dinamika da izokin basatiak arrantzatzea ibaian, foru erakundeak dituen bi harrapatze guneetan eta, ondoren, ale horiek haztegira eramatea espeziea ugaltzeko. Sei hilabeteko hazte prozesuaren ondoren, markatu egiten dira, ondoren Urumea eta Oria ibaien arroetako erreketan askatzen dira. Izokinak markatuz, itsasora irten ondoren jatorrizko lekura itzultzen diren espezie aleen kopurua kontrolatzen da. Ildo horretan, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak adierazi duenez, «arrain haztegian hazitako aleen %30 gure ibaietara itzultzen da»; zifra hori arrakastatsutzat jo daiteke, gaineratu duenez, «kontuan hartzen bada gainerako %70 jatorri basatikoa dela». «Horrek esan nahi du gure ibaietan espeziearen birpopulatze naturala egitate bat dela», gehitu du. Gaur egun, izokina hiru arro hidrografikotan dago gure lurraldean: Oiartzun, Urumea eta Oria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!