Enaitz Goñik zortzigarren amaitu du Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 29a, 00:00

Enaitzek hankean arranpekin amaitu zuen eta kosta zitzaion helmugaratzen.

Astigarragan bizi den igerilaria lehenengo euskalduna izan da helmugan, 2.700 igerilaritik gora parte hartu duten proba ospetsuan. Carlos Ortiz kataluniarrak irabazi du. Itsaso Tolosa izan da bailarako lehenengo neska.

Enaitz Goñik zortzigarren amaitu zuen atzo, Getaria Zarautz itsas zeharkaldi famatuan. Guztira 2720 igerilari irten ziren Getariako portutik eta guztien artean zortzigarren azkarrena izan zen Hernanin jaio, baina Astigarragan bizi den igerilaria, 35 minutu eta 22 segunduko denborarekin. Zarautzeko hondartzara iristen lehenengo euskalduna izan zen, sailkapen nagusiko lehenengo 13 postuetan sartu zen euskaldun bakarra izan zelarik. 

Aurtengoa 52garren edizioa izan da, baina azken bost edizioetan Espainiako Koparen barruan sartu dute larunbatean, egun bat aurretik, antolatzen den Zarautz-Mollarri-Zarautz zeharkaldia eta horren ondorioz Espainiako iraupen luzeko igerilaririk onenek partehartzen dute, salbuespenak salbuespen. Beraz, Enaitz Goñik egindako postua kontuan hartzekoa da.

Helmugaratzen lehenengoa Carlos Ortiz kataluniarra izan zen 32 minutu eta 37 segunduko denborarekin. Bigarren postuan sailkatu zen Santiago Gutierrez (33:01) portugaldarra eta hirugarren postuan, Ruben Van Gool (33:09) madrildarra eta pasa den urteko irabazlea. Nesketan garailea Candela Sanchez madrildarra izan zen 35:36ko denborarekin. 

Itsasoa ez zegoen bare, zakar xamar zegoen, marea altua eta jaisten hasia. Horrek, helmugan olatu haundiak izatea ekarri zuen eta iritsiera zaildu zuen, baita denbora onak egitea ere. Hala ere, inoiz izan den ediziorik azkarrenetakoa izan zen lehenengo postuetan, zegoen maila altua baieztatuz. Gaur egungo Getaria Zarautzek ez du zer ikusirik 2018ra arte egiten zen Getaria Zarautzekin. Marco Rivera, Pol Gil, Carlos Ortiz... Espainia mailan egon diren igerilaririk onenetakoak dira 1.500 metrotan eta Getaria Zarautz zeharkaldiko garaileak izan dira azken urteetan.

 

«Asko sufritu dut erditik
aurrera»

Nahiz eta zortzigarren amaitu, Enaitz Goñi ez zegoen gustura eginiko lanarekin. «Azkarregi irten naiz, Getariako portutik bi lehenengo postuetan atera naiz. Lehendabiziko zortzi minutuetan aurrekoen taldetxoan joan naiz, punta-puntan. Zortzi gindoazen elkarrekin, baina pixkana-pixkana geratzen joan naiz talde horretatik eta amaieran atzeko taldeak ere harrapatu nau. Hala ere, zortzigarren postua heltzea lortu dut».

Azken metroetan hanketan arranpak zituela iritsi zen astigartarra. «Asko sufritu dut. Hanketan kalanbreak hasi zaizkit eta zutik jarri naizenean ezin nuen korrikarik egin, oinez ere justu amaitu dut». Aurtengo denboraldian fondo-erdia landu du gehiago eta horrek eragina izan omen zuen hankeko arranpetan.

 

Bailarako 40 igerilarik hartu zuten parte

Ia 3.000 partaide datu ikusgarria da, igeriketako zeharkaldi batentzat, Espainiar estatu mailan egiten den jendetsuena da eta Europa mailako haundienetakoa. Urumea bailaran ere badu entzutea eta guztira bertako 40 igerilarik hartu zuten parte. Horietatik 29 Hernanin bizi dira eta hamaika, Astigarragan. 

Bigarren helmugaratzen Mikel Fernandez izan zen, 96garren postuan 42:25eko denborarekin. Bailarako lehenengo neska Itsaso Tolosa (46:52) izan zen, 250garren postuan, baina 41garren amaitu zuen nesken sailkapenean. Jendetza bildu zen uretan eta Zarautzeko malekoian ere bai. Egun ederra egin zuen eta jendeak disfrutatu zuen Euskal Herriko zeharkaldirik ospetsuenean.

Abuztuan zeharkaldiak ugaritu egingo dira eta hurrengoa Hondarribian jokatuko da, Txingudiko zeharkaldia. Getaria-Zarautz haundiegia den askorentzat aukera polita. Ondoren etorriko dira Donostiakoak (Paseo Berrikoa abuztuaren 15ean, Santa Klara irlari buelta abuztuaren 25ean eta Badiakoa irailaren 7an). Bizkaian eta Iparraldean ere izaten dira itsas zeharkaldiak.

 

52. GETARIA-ZARAUTZ ITSAS ZEHARKALDIA

BAILARAKOEN SAILKAPENA

7 Enaitz Goñi 35:22
98 Mikel Fernandez 42:40
149 Urtzi Nazabal 44:29
208 Joanes Arregi 45:51
250 Itsaso Tolosa 46:52
263 Iñigo García 47:23
315 Aitana Perez 48:09
409 Iñaki Berastegi 49:50
426 Hodei Goldarazena 49:58
467 Iban Fernandez 50:33
569 Aitor Valencia 52:19
625 Janire Ezeiza 52:53
645 Estitxu Mendizabal 53:03
708 Peru Dominguez 53:51
736 Itziar Gonzalez 54:19
767 Ion Garcia 54:31
770 Imanol Perez 54:34
793 Kerman Urreta 54:49
852 Iñigo Madina 55:40
1132 Javier Sodupe 59:26
1181 Asier Gutierrez 59:49
1310 Haizea Blanco 1:01:41
1388 Iñaki Ansorena 1:02:29
1401 David Pareja 1:02:41
1401 Ioritz Aldabe 1:02:44
1478 Aisha Ostolaza 1:03:39
1499 Maialen Carrera 1:03:54
1588 Julen Saiz 1:04:57
1848 Iñigo Elkoro 1:08:19
1920 Agurtzane Romero 1:09:50
31 Paco Gallego 1:15:32
32 Mikel Arizmendi 1:18:47
33 Uxue Duran 1:21:59
2483 Miryam Plasencia 1:25:46
2495 Izaskun Txintxurreta 1:26:00
2569
Eneka Gorrotxategi 1:32:36
2622 Aingeru Tomasena 1:39:52
2664 Joxe Mari Alberro 1:51:21
2665 Javier Duran 1:51:49

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!