Hegaztiak askatuko dituzte etzi Aiako Harria natur parkean

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 26a, 00:00

Zapelatzak askatuko izan dituzte Listorretan.

Basabizi zentroan sendatutako hegaztiak askatuko ditu Errenterian, Listorreta-Barrengoloian.

 

Gipuzkoako Parketxe Sareak, Errenteriako udalaren laguntzarekin Listorreta aisiagunean ekintza berezi-berezi bat antolatu du. Basabizi zentroan sendatutako hegaztiak askatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak ,Listorreta-Barrengoloian eremuan (Errenterian).

Basabiziren egitekoa Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzea da, animalia zaurituak birgaitzea eta sendatzea, berriro ingurune naturalera itzuli ahal daitezen.

Hain zuzen ere, etzi, uztailaren 28an, Basabizi zentroan sendatutako hegaztiak askatuko dira Errenterian, Aiako Harria natura-parkean, Listorreta-Barrengoloian.

Zuhaitz-belatz (Falco subbuteo) bat eta enarak nahiz sorbeltzak askatuko dira, berriz ere, libre-libre, hegan egin dezaten. Saioan Aldundiko Basa Animali eta Landareen Zerbitzuko teknikariek (basozainek) libratuko diren hegaztiei, Basabizi zentroan egiten den lanari eta zauritutako animalia bat aurkitzean egin beharrekoari buruzko azalpenak emango dituzte.

 

Izena eman behar da aldez aurretik

Hitzordua goizeko 11:00etan izango da eta ezinbestekoa da izena ematea. Saioa euskeraz eta gaztelaniaz izango da. Prezioa: 3 euro da eta parte hartzeko, 943 49 42 48/688 895 068 zenbakietara deitu behar da edota arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidera mezua idatzi behar da aldez aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!