Goñi aita-semeek irabazi dituzte asteburuko bi itsas zeharkaldiak

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 23a, 00:00

Ana Vega, nesketan garailea, eta Enaitz Goñi, txapeldunen txapelekin.

Enaitz Goñik larunbatean lortu zuen garaipena Ondarroan, eta Luis Goñik, igandean Getarian.

 

Goñitarren Astigarragako etxean pozik egoteko arrazoiak badituzte, pasa den asteburuan Enaitz eta Luis Goñi aita-semeek Euskal Herrian jokatutako bi itsas zeharkaldiak irabazi baitzituzten. Enaitz semeak, larunbatean lortu zuen garaipena Ondarroako 37garren itsas lasterketan. Luis aitak berriz, igandean irabazi zuen Getarian 5garren San Anton itsas biran.

Bai batean eta bai bestean 300 igerilari inguruk hartu zuten parte. Ondarroan bailarako igerilari ugarik amaitu zuten proba. Enaitz Goñik, 1.600 metroak egiten 17:43ko denbora behar izan zuen eta minutu eta lau segundoko aldea atera zion Peru Portalori (Azkoitia). Hirugarren sailkatu zen Xabier Gordoa (Oñati). Bailarako Arkaitz Goñi, Iñigo Goñi, Erramun Galparsoro, Alberto Arenales eta Joseba Iurramendi ere aritu ziren igeri mutiletan. Nesketan partaideen artean izan ziren Estibaliz Mendizabal, Maite Esparza, Garbiñe Tijero eta Karmele Ugalde.

Getarian, itsasoaren egoerak baldintzatu zuen proba, eta aldaketak egin behar izan zituzten ibilbidean. Hori horrela, Gaztetape eta Malkorbe hondartzak lotuz San Antoni bira eman beharrean, Malkorbeko hondartzaren aurreko uretan osatu behar izan zuten igerilariek bidea.

Luisek 21 minutu eta 28 segundo behar izan zituen zeharkaldia aurrenekoz irabazteko eta azken esprintean gainditu zuen Mikel Iriondo ondarroarra. Xabier Labaka bergararra izan zen hirugarren, hau ere hiru segundora.

Bailarako beste bost igerilarik ere hartu zuen parte: Eider Estibariz, Joanes Arregi, Aitor Valencia, Iban Fernandez eta Hodei Goldarazena.

 

Hegoi Lazkoz eta Maren Goñi, podiumera Ondarroan

Gaztetxoenen zeharkaldian ere hernaniarrak bikain aritu ziren Ondarroan. Infantiletan, Hegoi Lazkoz bigarren sailkatu zen eta benjaminetan, Maren Goñi hirugarrena izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!