Ostegun honetan da Santio Eguna, eta askorentzat jai egun soil bat den arren, esanahi berezia du Aranoko eta Astigarragako bizilagunentzat. Aste berezia hasi da gaur bi herrientzat, festa giroan murgilduko baitira datozen egunetan.
Asteazken arratsaldean hasiko dira ofizialki Astigarragako jaiak, baina goizean ekingo diete beroketa jarduerei. Aurtengoan Gaztelekuko hezitzaileek eta nerabeek piztuko dute txupinazoko suziria, 25. urteurrena ospatzeko.
Ordutik aurrera, askotariko jarduerekin gozatzeko aukera izango da herrian. Lehenengo egunean bertan Zilibito Records, Kilimak, 3ttu edota MJ Gordas Pinponeras taldeen kontzertuak izango dira.
Udaletik gogorarazi dute aste honetatik aurrera eragin nabarmena izango dutela festek herriko trafikoan, Tomas Alba kalean eta Donostia ibilbidean batez ere.
Santio egunean ekingo diote festari aranoarrek
Ostegunera arte itxaron beharko dute aranoarrek festari ekiteko. Lau eguneko egitaraua prestatu dute, eta berritasun ugari txertatu dituzte aurtengoan; horien artean Bailarako Gauerdiko Bertsolarien lehenengo txapelketa. Ostegunean egingo dute txapelketa, eta bertan eman beharko da izena.
Kronikaren ale berezia, etzi
Bi herrietako festen nondik norakoak ondo azaltzeko, Santiotako ale berezia argitaratuko du Kronikak asteazken honetan. Jaietako protagonisten hitzak bilduko ditu bertan.