Itzalaldi informatiko global batek gorabehera ugari eragin ditu mundu mailako airelineetan, bankuetan eta enpresetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 19a, 14:06

Biruskontrako gailu baten eguneratzeak ordenagailuei eragin die mundu mailan, eta eragina izan du administrazio publikoan eta Osakidetzan, aireportuetan, bankuetan eta mota guztietako enpresetan

Microsoft erorita dago mundu mailan, eta ondorioak ez dira nolanahikoak: arazoak daude, besteak beste, aireportuetan, enpresetan eta administrazio publikoan. CrowdStrike zibersegurtasunerako plataformaren eguneraketa baten ondorioa da. Arazoa Ameriketako Estatu Batuetan atzeman dute lehenengo, eta handik mendebalde osora hedatu da. CrowdStrikek baztertu egin du eraso informatiko bat izan denik. Errusian ez du eraginik izan, ezta Txinan ere, lehenengoan Microsoft sistematik kanpo utzi zutelako eta bigarrenean ez dutelako erabili beharrik.

Euskal Herriaren kasua ezberdina da, Estatu Batuekiko dependentzia ia erabatekoa baita. Eragina nabari da Euskal Herrian. Administrazio publikoari dagokionean, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko zuzendari kudeatzaile Asier Saez de Vicuñak gertatutakoaren inguruko azalpenak eman ditu. Haren esanetan, 07:00etatik atzeman dituzte arazoak. CrowdStrikeren funtzionamendu txarraren ondorioz. Saez de Vicuñaren hitzetan, «zaila» da zehaztea zenbateko eragina izan duen, baina goizeko lehen orduan, erabiltzaileen postuen %70ean zituzten arazoak, eta, egunak aurrera egin ahala, konpontzen joan dira: gutxi gorabehera postuen erdietan zituzten gorabeherak 10:00etarako. Halaber, zehaztu du akatsak ez duela «segurtasun arazorik» sortu, eta, orain, gertatutakoari buelta eman nahian ari dira: «Ekoizleak behin betiko irtenbidea eskaintzen digun bitartean, baliabide guztiak mobilizatzen ari gara ahalik eta lanpostu gehien berreskuratzeko, Osakidetza lehenetsita».

Halaber, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako webguneetan ez dutela ia arazorik izan, eta «zerbitzurik kritikoenak» jada berreskuratu dituztela. Lehendakaritzako iturrien arabera, Osakidetzan ez da segurtasun arazorik; sistemek motelago funtzionatzea soilik eragin du. Alabaina, Aitor Montes medikuak X sare sozialean salatu du ezin dutela jakin pazienteek botikei alergia dioten edo ez. Gainera, zailtasunak daude Osakidetzan ordua hartzeko ere. Izenpe administrazioen identifikazio elektronikorako plataforman ere atzeman dituzte arazoak: goizeko lehen orduetan ezin izan dituzte dokumentuak sinatu.

Gainera, akatsak edukitzen ari dira AENAk kudeatzen dituen aireportuetako sistema informatikoetan: kudeaketak eskuz egiten ari dira, eta Iruñeko aireportuko hegaldi bat eta Loiuko aireportuko (Bizkaia) 30 inguruk hogei minutu inguruko atzerapenak izan dituzte. Halere, dirudienez, ari dira arazoak pixkanaka konpontzen. Espainiako gobernuko Garraio ministroa, Oscar Puente, Gasteizen egon da,eta bertan esan duenez, atzerapenak soilik egon dira: «Gehienbat fakturazioan izan du eragina, baina, momentuz, ez dago arazo handirik».

Bankuetan ere ari da islatzen: Kutxabanken eta Laboral Kutxan, besteak beste. Dena den, «normaltasun osoz» ari dira une honetan, bi banku horietako iturriek azaldu dutenez.

Kutxabanken ez da «momentu bakar batean ere» sistema erori, baina «mantsoago» ibili da. Hasieran online zerbitzuetan nabaritu da gehien, Bizum sisteman barne, eta kutxazainetan. Bulegoak irekitzean ere «urduritasuna» zabaldu da langileen artean. Baina, azaldu dutenez, 10:00etarako «zerbitzu guztiak» ohi bezala funtzionatzen zuten. «Zorte puntu bat ere izan dugu, arazoa lehen orduetan izan delako», adierazi dute Kutxabankeko arduradunek. Gaineratu dutenez, oraindik goizegi da eragindako kaltea zenbatekoa izan den jakiteko, «uztaileko ostiral goiz arrunt batean egiten ziren operazioak eta gaur egin ahal izan direnak neurtu ahal izateko».

Laboral Kutxan, berriz, eragina «desorekatua» izan da. Gertakariak finantza erakunde horrek erabiltzen dituen Microsoften zerbitzu batzuetan izan du eragina, «baina ez denetan». Bereziki, bulegoetan eta kutxazainetan. Zenbait kasutan sistema erabat erori da. «Ez dakigu denetan gertatu den, baina bai askotan». Online zerbitzuek, berriz, «uneoro» funtzionatu dute, baina «poliki». Haien kasuan 09:30erako «konponduta» zegoen arazoa, eta ordutik «normaltasun osoz» ari dira lanean. «Gertatutakoak frogatu du Laboral Kutxaren sistema gai dela horrelako egoera bati aurre egiteko», azpimarratu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!