Lehenengo aldiz antolatu dute nesken maila Papelera Zikuñaga Txapelketan. Aukera ona da zuentzat, ezta?
MAIALEN ESNAL: Hori da. Sorpresa puntu bat ere badauka, lehenengo aldiek hori dute, baina guretzat aukera ederra da. Normalean hemen inguruan ez dira nesken txapelketak jokatzen.
ARAITZ LEGARRETA: Neska gutxi garenez, ez dugu aukera askorik izaten hemen inguruan txapelketak jokatzeko. Hau edukitzea ederra da guretzat.
ALIZE SAGARDUI: Lehenengo edizioa da eta ilusioa egiten du jokatzeko aukera izateak.
Gaur jokatuko dituzue ligaxkako bi partiduak. Maila altuko txapelketa izango da?
A.L.: Nire ustez nahiko maila altua dago. Bikoteak ondo orekatu dituzte eta txapelketa ona ateratzeko aukerak daude. Badaude ezagutzen ez ditudan bizpahiru pelotari, baina ezagutzen ditudan guztiek badakit oso maila ona dutela.
A.S.: Nik ere hori nabarmenduko nuke, bikote orekatuak egin dituztela. Horregatik uste dut maila polita izango dela partiduetan.
Nolako partiduak ikusteko aukera izango da gaur arratsaldean?
A.L.: Partidu parekatuak eta gogorrak. Esan bezala, nahiko maila ona eta berdintsua daukagu guztiok, eta zaila izango da gainontzeko bikoteak gainditzea. Horrek egiten du polita txapelketa.
M.E.: Nik ere hori espero dut, txapelketa polita ateratzea. Partiduen taula ikusita itxura ona dute guztiek, eta asmoa da hori kantxan erakustea.
Helbururik jarri diozue zeuen buruari?
M.E.: Disfrutatzea eta kantxara lasai ateratzea da nire helburua. Orain dela gutxi hasi naiz txapelketetan parte hartzen, eta dexente kostatzen zait partiduetan lasai egotea.
A.L.: Nik ere disfrutatu egin nahi dut. Aprobetxatu nahi dut txapelketa lagun berriak egiteko, eta ondo pasatzea da helburu nagusia. Hasierako txapelketetara ni ere urduri joaten nintzen, baina pixkanaka ohitzen ari naiz jende aurrean jokatzera.
Zenbat urterekin hasi zineten pelotan jokatzen? Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?
A.S.: Sei urterekin hasi nintzen ni. Ibilbidea mutilen artean egin dut, hasieran pelotan jokatzen zuten neska gutxi ezagutzen nituelako. Orain gehixeago gara.
A.L.: Ni ere sei edo zazpi urterekin hasi nintzen jokatzen. Lehen mutilekin aritzen ginen, eta pixkanaka geroz eta gehiago jokatzen dugu nesken artean.
M.E.: Ni txikitan aitarekin aritzen nintzen, baina arraunean hasi nintzenean utzi egin nuen pelota. Lehengo urtean itzuli nintzen berriro jokatzera.
Zergatik uste duzue ez direla neska gehiago animatzen? Inguruan zer sumatzen duzue?
A.S.: Nire lagunen artean ikusten dut askok jokatzen dutela kalean, baina gero ez direla izena ematera ausartzen.
A.L.: Hernanin oso neska gutxi aritzen dira pelotan. Esango nuke nire lagunetatik inork ez dakiela pelotan jokatzen, uste dut ez zaiela gustatzen eta ez direla inoiz interesatu.
M.E.: Nire inguruan ere antzekoa gertatzen da. Batzuei gustatzen zaie, baina telebistan ikusteko bakarrik. Jokatzeko garaian nahiago dituzte beste kirol batzuk.
Zuen esperientzia nolakoa izan da?
A.L.: Jokatu dudan urte guztietan oso oso gustura aritu naiz, asko disfrutatzen dut. Beti ibili gara mutilen artean, baina hori ez da sekula arazo bat izan. Egia da bere garaian estimatuko nukeela neska gehiago izatea, baina pozik aritu naiz mutilekin.
A.S.: Hori da. Txikitan Araitz eta biok bereizita apuntatzen ginen txapelketetara, bakoitza taldeko mutil batekin. Orain biok batera apuntatzen hasi gara ahal dugun txapelketa guztietara, eta nesken artera gehiago gerturatu gara.
M.E.: Mutilekin jokatzeak alde onak eta txarrak dauzka. Nik ere nahiko nuke orain Hernanin nesken talde bat sortzea, baina badakit zaila dela.
Zeintzuk dira alde onak eta txarrak?
A.S.: Alde ona da orokorrean indar gehiago dutela, eta eurekin entrenatzean hori lantzeko aukera dugula. Txarra da neska gutxiago aritzen garela pelotan.
A.L.: Beste alde txar bat da batzuetan oso nabarmena dela indar diferentzia, eta horrek jokoan eragin haundia izaten duela. Hala ere, asko ikasten da une horietan, eta alde ona ere bada.
Zuen ustez, zer egin daiteke neska gehiago erakartzeko?
M.E.: Inguru honetan nesken txapelketa gehiago antolatu behar dira, jendeak ikus dezan jokatzeko prest gaudela. Neska askok jokatzen dute pelotan, baina Euskal Herrian zehar sakabanatuta gaude. Horregatik da garrantzitsua gehiagotan elkartzea.
A.S.: Beste neska asko daude entrenamenduak bakarrik egiten dituztenak, partidurik jokatu gabe. Ederra litzateke pixkanaka horiek ere jokatzera animatzea.
A.L.: Txapelketa gehiago sortu ahala jende gehiago enteratuko da aukera ederra dela pelotan aritzea. Horrela animatuko dira probatzera.
Zer esango zeniekete bertako pelotazaleei gaur frontoira joateko?
M.E.: Normalean mutilen partiduetan errazago betetzen da frontoia. Nik esango nieke aukera bat emateko guri ere, partidu erakargarriak izango direlako.
A.L.: Hori da. Mutilekin disfrutatzen duten bezala, gurekin ere gozatu dezakete.