Emakumezkoen txapelketaren hasiera eta 25 partidu denera, hirugarren astean

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 15a, 00:00

Araitz Legarreta aranoarra izango da partehartzaileen artean, ostiralean.

Bete-beteko astea izango du Zikuñaga Papelera Txapelketak, gaurtik larunbatera, kiroldegiko frontoian.

Ikuskizun ederra eskaini du Zikuñaga Papelera Txapelketak arratsaldero, aurreko bi asteotan, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Ia astegun guztietan jokatu dituzte lau edo bost partidu, maila ezberdinetakoak.

Hori nahikoa ez, eta beste koxka bat egingo du gora tor­ne­oak aste honetan, bi nobedaderekin. Batetik, emakumezkoen txapelketa hasiko da ostiralean, 16 urtez azpikoetan. Arratsaldeko 16:30etan hasita, sei bikote ariko dira lehian, bi multzotan banatuta; eta triangular formatuan jokatuko dute ostiraleko jardunaldia. Pelotarien artean izango dira bailarako hiru: Ma­ialen Esnal hernaniarra, Araitz Legarreta aranoarra eta Alize Sagardui goizuetarra.

Beste nobedadea izango da, larunbatean ere jokatuko dituztela txapelketako partiduak aste honetan, bost egunetik seira zabalduta asteko programa.

Hori horrela, guztira 25 partidu jokatuko dituzte astelehenetik larunbatera. Astegunetan arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia, eta larunbatean goizeko 10:30etan ekingo diote.


Bina garaipen Julen Deskargak eta Unai Etxarrik, nagusien zilarrezko mailan

Txapelketako 21 partidu jokatu zituzten joan den astean, eta kolore guztietako emaitzak lortu zituzten bailarako esku pelotariek. Bereziki aste ona izan zen, besteak beste, Julen Deskarga eta Unai Etxarri hernaniarrentzat. Nagusien zilarrezko mailan ari dira biak, Aranbururekin Deskarga eta Oiarbiderekin Etxarri; eta jokatutako bi partiduak irabazi zituzten joan den astean. Nagusien urrezko mailan ere, garaipena lortu zuen Markel Lizeaga hernaniarrak, Zugastirekin; baina galdu egin zuten Xabier Salaberriak (Erlerekin) eta Unax Manterolak (Santestebanekin).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!