Kaosean ere azkarrena azkarren

Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 12a, 19:19

Jasper Philippsen-ek bigarren etapa garaipena lortu du; haize-babesak eta erritmo itoa izan dira Pauera bidean, eta kaos horretan etxean bezala aritu da belgikarra.

Etapa gogorra eta azkarra osatu du tropelak, Pauera bidean. Haize-babesen beldur, ihesaldi arriskutsua sortu da etapa hasi eta gutxira, Adam Yates sartu baita 25 laguneko taldean. Yates 6.59ra dago sailkapen nagusian, eta Vismak erantzukizuna hartu behar izan du britainiarra buruko min bilakatu ez zedin. Ez da taldetik jazarpen lana egitera mugatu, haize-babesak behartu baititu, oilarrak estutzeraino. Modu horretan lortu dute Yates-en taldeak gehienez 1.10ko tartea edukitzea, eta arriskua modu naturalean itzali da, aurreko taldean euren artean mokoka hasi eta lau lagunek bakarrik eginda aurrera.

Lau lagun horiek, ordea, tropela eta haize-babesen aurka egin behar izan du borroka, eta hor tropela baino indartsuagorik ez dago. Tentsioa handia, eta abiadura, ikusgarria. Etapa bukaeran zeuden laugarren mailako bi muinoek etengabeko eraso ahaleginak ekarri dituzte, kontrol faltan, baina Lotto taldea aritu da egoskorren denak harrapatzen. Gero, azken esprintean oso baldar aritu da taldea, Capiot bideratzailea batez ere, erorketa bat eraginez. Laporte-ek egin dio bideratzaile lana Van Aert-i, baina ondo ez, eta Philippsen-ek, urrunetik ekinda, aise irabazi dio Van Aert-i.

Bihar Pirinioetako lehen etapa korrituko da, Paue-Pla d'Adet: 152 kilometro, bi hors categorie bidean: Tourmalet mitikoa eta helmugako Pla d'Adet, eta bigarren mailako Hourquette d'Ancizan bien artean. Ikuskizun ze jarrera izango duen UAEk, baina gaur jokatu duen moduan jokatuta, litekeena da lasterketa eramateko ardura Vismari uztea, Pogacar-ek azken kilometroetako eraso bat jo eta segundotxo batzuk irabazteko. UAEren jarrera aldaketa horrek, gainera, ihesaldiaren arrakasta aukera handitzen du. Ez Roglic, ezta Ayuso ere, ez dira Pirinioetara iritsiko, zoritxarrez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!