Bi 'bizitzarekin' jarraitzen dute Endika Barrenetxeak eta Oier Apezetxeak, Jai-Alai Summer Seasonen

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 13a, 00:00

Ondo hasi du txapelketa Barrenetxeak, Urrizarekin. Argazkia: Maialen Andres

Garaipena lortu zuten herenegun, aurreneko partiduan. Arluziagaren eta Aiestaranen txanda da gaur, eta elkarren kontra ariko dira.

Martxan da Jai-Alai Summer Season txapelketa, eta ondo ekin diote bailarako erremontistek. Aurreneko partidua irabazita, bi 'bizitzarekin' jarraitzen dute Endika Barrenetxea hernaniarrak (A torneoan) eta Oier Apezetxea goizuetarrak (B torneoan).

Urrizarekin batera, hiru setetan lortu zuen garaipena Barrenetxeak, Azpirozen eta Ezkurraren kontra. 15-11 nagusitu ziren aurreneko setean, baina 13-15 galdu zuten bigarrenean, eta desenpate ezin estuagoan jokatu zuten garaipena: 8-7 irabazi zuten gorriek.

A torneoko beste partiduan, Juanenea eta Ansa II izan ziren garaile, Aldaberen eta Larrañagaren kontra, larri ibili ziren arren: 12-15, 15-14 eta 8-5.

Hortaz, bi bikote geratu dira kinka larrian, aurreneko 'bizitza' galduta: Azpiroz-Ezkurra II eta Aldabe-Larrañaga. Elkarren kontra ariko dira gaur, Galarretan, 16:30etan hasiko den jaialdiaren bigarren partiduan. Bikote galtzaileak, bere bigarren 'bizitza' galduko du, eta txapelketatik kanpo geratuko da.

B torneoan, berriz, pixka bat erosoago lortu zuen garaipena Apezetxeak, Gurrutxagarekin bi­kotea osatuta: bi setetan mende­ratu zituzten Goikoetxea V eta Es­­kudero (15-9 eta 15-11).

Gaur jokatuko dute estreina­koa maila horretako beste bi bikoteek, eta bi hernaniar daude tartean: Mattin Arluziaga eta Ai­tor Aiestaran. Elkarren kontra ari­ko dira, jaialdiko lehenengo par­tiduan: Arluziaga Zalduarekin eta Aiestaran Susperregirekin.

Jaialdiko hirugarren partiduan, txapelketatik kanpo, Aritz Zubiri goizuetarra ariko da: Jabalerarekin jokatuko du, eta Segurola eta Goikoetxea VI izango dituzte aurrez aurre.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!