Tourrak ez du barkatzen

Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 7a, 20:02

Garaipenetik gertu izan da Alex Aranburu, baina Tourrean besoak garaile jasotzea zein zaila den ikasi du Troyes-en; Pogacar-ek muturreraino estutu du Vingegaard baina ez du uztarik lortu.

Amestu dugu, baina errealitate razio bat jaso dugu. Alex Aranburuk dena egin du ondo Tourrean etapa bat irabazteko bidean, Tourreko etapa erakargarrienetakoan, baina indar apur bat falta izan zaio azken esprintean besoak garaile jasotzeko. Hori eta Tourrean sekulako maila dagoela; ez dagoela aurkari txikirik. Zaldi benetan indartsuak izan ditu alboan Ezkiokoak: Turgis, Pidcock, Lutsenko, Derek Gee, Stuyven... Romo taldekidea ere bai, eta bidea egin dute tropel nagusiaren oldarraldiei aurre eginda. Stuyven saiatu da bakarrik helmugaratzen, 9 kilometrora ihes eginda, eta zaintza lan horretan kale egin du Movistar taldeak, Romo txirrindulariak hain zuzen ere. Gero lana lodi egin behar izan dute Lidl-Trek taldekoa harrapatzeko, eta azken esprintean azkar etsi du Aranburuk, aurkarien arrastoari jarraitu ezinik. Laugarren, helmugan, Turgis, Pidcock eta Derek Geeren atzetik.

Tropelean etapa ederra ikusi dugu lurbideetan barrena. UAE eta Pogacar Vingegaard estutzen saiatu dira egoskor, ahal zuen guztia egin du hori lortzeko, baina ez du lortu, eta etapa ernegatu antzean bukatu duela esan genezake. Danimarkarra bere gurpiletik askatzea lortu duelako hirutan, baina hiruretan bikingoak harrapatu egin du bueltan. Batzuetan bere kemenarekin, besteetan Vismak egin duen lan taktiko bikainarekin. Unerik kritikoenean Pogacarrek 6-8 segundoko zuloa ireki du Vingegaard-ekiko, baina Vismak ezin hobe itxi du zulo hori, eraman du Vingegaard. Aurrena Christophe Laporterekin, ondoren Matteo Jorgensonekin. Eta Pogacar-i deseroso, urduri sumatu zaio. Batek daki zer gertatuko den hirugarren astean, baina garbi dago Pogacarrek gaur Vingegaard atzeratzea espero zuela. Evenepoel-ek eta Roglic-ek ere majo sufritu dute, onenen tropeletik kanpo geratuta tarteka, baina galerarik gabe bukatu dute etapa, eta pozik egoteko motiboak dituzte.

Bihar lehen atseden eguna izango dute Tourrean, balantzea egiteko une aproposa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!