Enpate!

Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 5a, 19:11

Lau handiek espero zen neurria eman dute erlojupekoan, eta irekia dago oso lehia; Remcok irabazi du, 12 segundora Pogacar liderra, 22ra Roglic, eta 25era Vingegaard; danimarkarra 1.15era da orain sailkapen nagusian.

Ederra dago Tourra, irekia, eta zorionekoak gu. Tadej Pogacar-ek beste harritxo bat jarri du bere hirugarren Tourra irabazteko bidean, baino lan handia geratzen zaio egiteko oraindik. Egia delako erojupeko bikaina egin duela, Roglic eta Vingegaard atzeratuz. Herrikideari 22 segundu sartu dizkio, eta bere aurkari gaiztoena izan bide denari 25. 1.15era dago orain Vismakoa, eta bidezkoa da lehen astea nahiko txukun libratu duela aitortzea. Remco gerturatu zaio gehien liderrari, 33 segundora, baina Evenepoel mendi handietan aurkari sendo izango den jakiteko itxaron egin beharko da. Honatx, lau handi horien lanaren zertzeladak:

Remco Evenepoel: Faboritoa zen eta aurreikuspenak bete ditu. Antzera ibili da erlojupeko osoan, Pogacar-i denbora janez kilometroz kilometro. Jaitsierako zatian bakarrik galdu du denbora liderrarekiko. Azken bi kilometroen barruan ere bai zeozer, gurpila zulatuta zeukala pentsatuta. Hiru itzuli handietako erlojupekoetan garaipena lortzen duen talde elitistako kide bilakatu da Remco, eta jokoa emango dio Tourrari.

Tadej Pogacar: Bikain. Bigarren etapan, eta are sendoago lidergoan. Azken kilometroetan justu samar iritsi ote den, Evenepoel 6 segundora izan ondoren beste hainbeste jan baitizkio belgikarrak azken sei kilometroetan. Roglic-ek ere sei segundo jan dizkio azken tartean, eta Vingegaard-i hiru bakarrik sartu dizkio, Vismakoa justu-justu iritsi dela agerikoa izanda ere.

Jonas Vingegaard: Ondo ekin dio, baina justu antzean bukatu. Prestakuntza justuaren ondorio. 25 segundo badira segundoak, eta 1.15 diferentzia pottokoa da jada. Bere adierazpenei kaso eginda, baina, onartzeko moduko atzerapena da. 8 segundoko atzerapena zeraman 8.6 kilometroan Pogacar-ekiko, lehen erreferentzi puntuan; 13 bigarrenean, 22 hirugarrenean, eta 25 azkenekoan. Azken sei kilometroetan apenas kendu dio tarterik Pogacarrek.

Primoz Roglic: Bere erlojupeko txirrindulari garai oparoak iragana dira, baina neurria eman du, behetik gora eginez. Ibilbude erdian minutu erdia zen atzetik Remco eta Pogacar-ekiko, baina bere zenbakiak hobetu ditu erlojupeko bukaeran eta txirrindulari arriskutsua izango da, kontrolatzen zaila. Bora taldekoa 1.36ra dago orain nagusian.

Bihar zortzigarren etapa, ehiztarientzat ezin aproposagoa. 183 kilometro eta 2.400 metroko desnibel metatua, bidean laugarren mailako hiru mendate, eta hirugarren mailako beste bi. Bukaera, gainera, %3-4ko maldatxoarekin azken metroetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!