Groenewegen-en poza, Philippsen-en ezina!

Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 4a, 18:32

Herbehereetakoak urrearen balioa duen garaipena lortu du Dijon-en; haren arrastoan helmugaratu behar izan du bigarren, berriro, Philippsen faboritoak.

Esprinta, eta kitto. Zer kontatu gehiagorik ez du izan seigarren etapak. Esprinta, hori bai, ikusgarria izan da, lau lagun aritu baitira mokoka garaipenaren bila. Telebistako irudia ez da ba, on-ona izan garailea nor izan den jakiteko, eta minututxoa itxaron behar izan da garailea zein izan den jakiteko, fotofinish-ari esker. Groenewegen, Philippsen, Grmay eta Arnaud De Lie sartu dira buruan azken 200 metroetan, bakoitza bere aldetik, baina helikopteroko errepikapenak erakutsi du Groenewegen-en garaipena argia izan dela. Bere seigarren etapa garaipena da Tourrean, 2022an lortu zuen azkenekoa.

Bestelakoan, etapa zozo samarra izan da berriro. Izan ere, hain garbia da etapa esprintean bukatuko dela, abentura zale petoenak ere uxatu egiten dituela, saiakerarik txikiena egiteko kemen oro apalduz. Abrahamssen eta Zingle saiatu dira, baina alperrik, ordu erdian artaldean bueltan zeuden. Haize-babesek eragin dute dardarizoren bat edo beste tropel nagusian, alde bateko haize boladak indartu diren unean. Tropela hirutan zatitu da, eta Tadej Pogacar taldekiderik gabe geratu da, Ayuso, Yates eta Almeida atzean geratuta. Dozena bat kilometroko kontua izan da, dena den.

Bihar etapa garrantzitsua jokatuko da, zazpigarrena: 25.3 kilometroko erlojupekoa. Laua da, ibilbide erdian malda etzana badauka ere. 300 metroko desnibel metatua, denera, eta oilarren artean kukurrukuak berriro. Ikuskizun ze emaitza ematen diren, eta horiek ze ondorio uzten dituzten. Remco Evenepoel da faboritoa, eta Pogacar liderrarengana hurbil daiteke nabarmen. Arretaz jarraitu beharko da Roglicen lana, erlojupekoa aukera ona baita esloveniarrarentzat lehen lau egunetan galdutako segundoak bueltan irabazteko. Eta noski, Pogacar-Vingegaard borrokak zer emango ote du? Bien artean garaile nor izan, dozena bat segundogatik bada ere, garrantzitsua da; borroka psikologikoa erabakigarria izango baita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!