Sir Mark Cavendish!

Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 3a, 19:51

Historiako errekorra hautsi du ingelesak, eta 35. etapa garaipena lortu esprintean; Eddy Merckx-ena zen aurreko marka, 34 garaipenekin.

Tour honetako pizgarrietako bat zen: Mark Cavendish Eddy Merckx-en errekorra hobetzeko gai izanen zen edo ez. Belgikarrak 34 zituen, Cavendish-ek ere bai. Urteak zeramatzan Man uharteetan jaioteko esprinterrak 34 zenbaki madarikatu hori gainditzeko borrokan, eta 39 urte beteta lortu du. Urrezko historia bete du Astana taldekoak, eta lasai erretira daiteke dagoeneko. Akaso norbaitek harrapatuko du 10-15 urte  barru, Pocacar berak, agian, baina orain errekorraz gozatzeko aukera izanen du urte batzuetan. Garaipena Jainkoek, onenek merezi duten modukoa izan da, gainera. Helmugako atea parez pare ireki zaio 150 metrora, norbaitek 'orain duk unea, Cav: emaiok', esango balio bezala, eta ez du aukera pasatzen utzi. 35 etapa garaipen Tourrean. Erraz esaten da!!!

Cavendish-ek epelak izan ditu bere kirol ibilbidean aurkari askorekin, esprintetan tarteka ukalondoak erabiltzen direlako. Une zenbaitetan kamerei eta bere taldeko kide zenbaiti keinu eta mespretxu batzuk ere egindakoa bada, eta erretiroa hartzear izan da sarri. Gaur, baina mundu guztiak zoriondu du Cav. Tropel osoa bere zain egon da, zoriontzeko, eta olatu baten gainean balego bezala egin du elkarrizketa gunerainoko bidea. Inork ez zuen txakur txikirik ematen Cavendish-en alde, mixeria latza pasa baitu aurreneko lau etapetan. Astanako kideek, baina, ondo eraman dute une kritikora, eta jo behar zuenean, ttak, sumatu du aukera eta agur. Aparta garaile sena!

Eskerrak Cavendish-en garaipenak etapari distira apur bat eman dion, bestelakoan oso aspergarria izan baita. Hasiera oso zozoa, txirrindulariak txantxetan... Ihesaldia osatu dute Vercher eta Russo frantziarrek, baina ez dute batere aukerarik izan. Erorikoak ere gertatu dira, Pello Bilbao tartean, eta horietan libratu latza hartu dute Vingegaard eta Pogacar liderrak, errepide erdian zegoen banatzaile baten erruz. Esprint etapa hauetan arriskua toki guztietan dago, eta miraria da gauza larri gehiago ez gertatzea.

Bihar esprintean bukatzeko moduko beste etapa bat, seigarrena: Maçon-Dijon, 163 kilometro, mendate bat hasieran eta erabat laua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!