Bi erakundeen arteko harremana sendotu eta elkarlan ildoetan sakontzeko asmoz, lankidetza hitzarmena sinatu berri dute Tokikomek eta Eusko Ikaskuntzak. Bilbon egindako ekitaldian, «elkarrizketa sustatzeko eta sinergiak sortzeko» nahia erakutsi zuten Alaitz Artolazabalek, Tokikomen zuzendari nagusiak, eta Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzaren lehendakariak, «edukien ezagutza sustatu eta zorroztasuna lortzeko».
Horretarako, «ezagutza trukatzeko konpromisoa» adierazi dute bi erakundeek, eta elkarren lan batzordeetan parte hartzekoa, «ekarpen adierazgarriak» egin ditzaketen kasuetan. Batzorde bat ere eratuko dute, hitzarmenean jasotako lanen jarraipena egiteko: «elkarrekin egin beharreko lanak adostu, eta burututakoen balorazioa egiteko», hain zuzen ere.
Eusko Ikaskuntzako lehendakariak nabarmendu duenez, «hitzarmen honek Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta erronkei batera erantzuteko bidea zabalduz». Era berean, azpimarratu du «ezinbestekoa» dela Tokikomen «tokiko gertutasun hori, gizartearengana heldu eta eurekin elkarlanean eragiteko, guztion ongizatearen mesedetan».
Tokikomeko zuzendari nagusiak, bere aldetik, azaldu du hitzarmenak tokiko komunikabideei aukera emango diela «Eusko Ikaskuntzak hizkuntzaren, kulturaren eta ezagutzaren inguruan egiten duen lanketa gizarteratzeko, eta aukera paregabea da egiten dituzten bestelako proiektu pausatuagoetan sarbidea izan eta tokiko komunikabideetan sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko».
Hitzarmenaren eta «elkarlanerako gogoaren» aurreneko ondorioa, urriaren hasieran izango da begibistakoa: Eusko Ikaskuntzak 'Elkartzen Gaituena' Kongresuaren 21garren edizioa antolatu du urriaren 2, 3 eta 4rako, eta kongresu horren babesle izatera pasako da Tokikom.
1918an sortu zen Eusko Ikaskuntza erakundea, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, Euskal Herriko gizartearen beharrei erantzun orokorrak eta integratzaileak emateko. Tokikom, berriz, 2012an sortu zen, Euskaltzaleen Topagunean bilduta zeuden tokiko komunikabideen ekimenez; eta gaur egun 78 tokiko komunikabide batzen ditu, sektorearen behar bereziei modu eraginkorrean erantzuteko.