Pena haundiarekin, atzo gauean eman zitzaien amaiera Martindegiko San Ferminei. Kalejira baten bueltan agurtu zituzten festak, baina aurretik, egun osoan zehar izan zituzten ekintzak, auzoko jaiei behar den zukua ateratzeko. Euskal festak hartu zuen atzo protagonismoa; izan ere, aizkoran jardun zuten Vicentek, Saralegik, Ezpeletak eta Pikabeak; harria jasotzen jardun zuten, berriz, Ostolazak eta Arangurenek. Herri kirolez gain, Amets Arzallusek, Jesus Mari Irazuk eta Oihana Iguaranek, sekulako giroa jarri zuten kantuan. Gauean, Izer eta Alabier trikitilarien erromeriarekin amaitu zuten eguna.