Aizkolariekin eta bertsolariekin emango zaie amaiera gaur, Martindegiko San Ferminei

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 7a, 00:00

Arratsalde ederra pasa zuten auzoko txikiek, zalditxoekin.

Euskal festa antolatu dute gaurko, eta eguerdiko 12:30etan emango zaio hasiera aizkolariekin eta harrijasotzaileekin. Segidan bertsolarien saioak girotuko du eguerdia. . 

San Fermin egunez emango zaie amaiera Martindegi auzoko jaiei. Ostiralean hasi ziren auzotarrak festa giroan murgiltzen, eta hala jarraituko dute gaur arte. Goizean goiz esnatuko dute auzoa Astigarragako Txirriskla txistulari taldeak, dianarekin eta 12:30etan, euskal festari emango zaio hasiera; herri kirolekin eta bertsoekin. Aizkoran arituko dira Iker Vicente eta Aitor Saralegi, Hodei Ezpeleta 'Bihurri'ren eta Igoin Pikabearen aurka; harria jasotzen, berriz, Udane Ostolaza eta Aritz Aranguren 'Norde' arituko dira. Euskal festari jarraipena emateko, bertso saioa antolatu dute auzotarrek, eta bi saiotan bereizi dute; aurrenekoan kantatuko dute Amets Arzallusek eta Jesus Mari Irazuk; eta bigarren txandan Nerea Ibarzabalek jardungo du Arzallusekin eta Irazurekin. Bi saio hauen tartean, toka txapelketa jokatuko dute, eta txikiek puzgarrietan jolasteko tartea ere izango dute. Bertsoak amaituta, erromerian dantzan aritzeko aukera izango dute auzotarrek Izer eta Alabier trikitilarien eskutik, eta ondoren auzotarrek kalejira bat osatuz, Martindegiko San Fermin jaiei amaiera emango diote, festa giroan.

 

SAN FERMIÑAK 2024


MARTINDEGI 

GAUR

Goizean goiz Diana Astigarragako Txirriskla txistularien eskutik

12:30 Euskal Festa

Aizkolariak:
Iker Vicente eta Aitor Saralegi
Hodei Ezpeleta eta Igoin Pikabea

Harrijasotzaileak:
Udane Ostolaza eta Aritz Aranguren 'Norde'

13:00 Bertsolarien saioa: Amets Arzallus eta Jexux Mari Irazu

17:30 Toka txapelketa nagusia
(Gurutzeta sukaldeak antolatuta)

17:30 Puzgarriak

18:00 Bertsolarien bigarren saioa: Amets Arzallus, Jexux Mari Irazu eta Nerea Ibarzabal

Jarraian Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin

Ondoren Kalejira auzoan zehar festei amaiera emateko

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!