Eguraldia lagun, atzo goizean hasi ziren Martindegi auzoko San Ferminak. Goizean goizetik giro ederra izan zuten auzoan, eta lehenengo suziria lehertu orduko atera ziren auzotarrak kalejiran. Haurrak ere ez ziren eskuhutsik etxeratu, eguerdiko haur jolasetan goxoki eta opari ugari lortzeko aukera izan baitzuten.
Atzoko jarduera gehienak arratsaldean zehar egin zituzten. Andoni Magoaren ikuskizuna izan zen lehenengo katebegia, eta ondoren karabina lehiaketa eta puzgarriak izan ziren. Herri kiroletan emakume aizkolarien arteko dema ederra ikusteko aukera izan zen Martindegin, eta sagardo dastaketarekin amaitu zuten eguna.
Aukera zabala gaurko eta biharko
Festa giroak ez du etenik izango igande arratsaldera arte. Hortaz, gaur ere jarduera ugari izango dira Martindegin. Eguerdiko 13:00etan, esaterako, omenaldi txikia egingo dute, 'gure artean ez daudenentzat'. Gero auzo bazkarian elkartuko dira bizilagunak, eta hortik aurrera parranda egiteko aprobetxatuko dute denbora askok.
Inkansables txaranga, apar festa, Itzal taldearen erromeria... Aspertzeko aukerarik ez da izango San Ferminetan. Urteroko ohiturari eutsiz, gauean egingo dute platano dantza lehiaketa xelebrea.
SAN FERMIÑAK MARTINDEGI GAUR 10:30 Mobida 13:00 Goiko aristian oroigarri xume bat 'gure artean ez daudenentzat'. Tturko familiari eskertza, ematen diguten harreragatik 14:30 Auzo bazkaria 17:00 Inkansables txaranga 17:30 Gaztetxoentzat zalditxoak 18:00 Apar festa Laket tabernak antolatuta 19:30 Arratsaldeko dantzaldi saioa Itzal taldearekin 22:15 XX. Zaldi dema: Oiartzungo Aritz Garaiar 'Mixiyua' Hernaniko Inaxio Zerain Jarraian dantzaldia Itzal taldearekin Ondoren platano dantza lehiaketa xelebrea |