Sexu indarkeriaren biktimentzako zentroa zabaldu da Donostian

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 00:00

Arreta integraleko baliabide nagusia eguneko 24 orduetan egongo da zabalik, urteko 365 egunetan Gipuzkoa Plaza ondoko Kamino Kaleko 1 zenbakian.

 

Sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko foru zerbitzuak dagoeneko badu espazio fisiko bat «Donostiako erdigunean, guztiz irisgarria», Kamino kaleko 1. zenbakian. Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu zuenez, berehalako arreta eta akonpainamendu integral eta espezializatua emango du eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan. Berriki edo iraganean sexu indarkeriaren bat jasan zuten edo jasan zutela uste duten emakumeei, haien familiei eta gertukoei dago zuzendua. Zerbitzua «herritarrei zabalik» lanean ari da, dagoeneko; datozen hilabeteetan Arrasate eta Goierrin ezarriko diren zerbitzu berriak ere gehituko zaizkio, gainera.

Hiru zentro hauek irekitzeko lanek 1,1 milioko finantziazioa jaso dute Berdintasun Ministeriotik, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) funts europarren bidez, eta helburua da «indartzea Gipuzkoak gizarte larrialdiko zerbitzuaren bidez ematen duen arreta, hurbileko zentro espezializatuak zabalduta, emakume bakoitzari erantzun integrala emateko». Gipuzkoaren «berezitasuna» da zentro bakarra izan beharrean, beste bi dituela Arrasaten eta Goierrin, «lurralde oreka mantendu eta ahalik eta gertueneko arreta emateko».

Arreta guztiz pertsonalizatua da, presentziala nahiz telematikoa –online eta telefonoz–, eta «baita biktima dagoen lekuan ere», hara joango bailirateke langile teknikoak arreta indibiduala, taldekoa edo ikuspegi komunitariokoa ematera, horrela zerbitzuaren lurralde irismena bermatzeko.

 

Groseko zentroko obrak, martxan

Eider Mendozaren esanetan, «gure lehentasuna izan da udan eta jaien garaian lehen zentroa irekita izatea, orduan baitu, zoritxarrez, indarkeria matxistak eragin haundiena; gainera, Donostiako erdigunean eta espazio irisgarri batean zabaldu dugu». Hala, azaldu du oraingo kokalekua behin-behinekoa dela, Gros auzoan aurreikusitako zentroa egokitzeko lanak hilabete batzuk barru amaituko baitira. Bestalde, Arrasateko zentroa, aurreikuspenen arabera, azaroan zabalduko da eta Goierrikoa ere urtea amaitu baino lehen aktibatuko da.

Marisol Garmendiak Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak azpimarratu duenez, «sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeak babestea lehen mailako lehentasuna da Espainiako Gobernuarentzat. Horregatik, funtsezkoa da erakundeen arteko lankidetza. Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak elkarrekin eta norabide berean ari gara arraunean. Donostian irekitzen den 24H Krisi Zentroa horren adibide da, biktimen babesa ahalik eta eskakizun handieneko parametroekin hobetzen jarraitzeko modua baita».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!