Jai Alai Summer Season txapelketa uztailaren 11n hasiko da Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 00:00

Erremontistak, txapelketaren aurkezpenean, Kursaalen. Argazkia: Maialen Andres

Txapelketa honetan A eta B torneoak jokatuko dira, eta Barrenetxea, Apezetxea, Arluziaga eta Aiestaran izango dira bailarako ordezkariak.

Jai Alai Summer Season txapelketaren bigarren edizioa aurkeztu zuten astelehenean, Donostiako Kursaaleko terrazan. Txapelketa hau lehiaketa formatuetan berritzeko asmoarekin sortu zen pasa den urtean, eta aurten ere berrikuntzak ekarriko ditu. Bi txapelketa izango dira, eta bietan izango da bailarako ordezkaritza. Oier Apezetxea goizuetarra, Aitor Aiestaran hernaniarra eta Mattin Arluziaga hernaniarra arituko dira B Torneoan, eta Endika Barrenetxea hernaniarra A Torneoan.

Lehiaketa-sistema da berrikuntza nagusia aurten. Lau bikotek A Torneoa jokatuko dute, eta beste lauk B Torneoa. Berezia izango da sistema: kanporaketak jokatuko dituzte, baina galtzaileak ez dira automatikoki txapelketatik kanpo geratuko aurreneko porrotarekin; errepeska koadrora joango dira. Bi partidu galdu beharko dituzte kanpoan geratzeko.

Txapelketa uztailaren 11n, ostegunean, hasiko da Galarretan. Txapelketa jokatuko duten bikoteak hauek dira: Barrenetxea IV-Urriza, Juanenea-Ansa II, Azpiroz-Ezkurra II eta Aldabe-Larrañaga. Azken bikote hori da ohiko posizioak mantenduko dituen bakarra. Gainerakoak lekuz aldatuko dira: ohiko aurrelariek atzelari gisa jokatuko dute, eta atzelariek aurrelari gisa.

B txapelketak formatu bera izango du, baina kasu horretan ez da posizio aldaketarik izango, eta bakoitzak berea mantenduko du. Bikoteak honako hauek izango dira: Goikoetxea V-Eskudero, Gurrutxaga-Apezetxea, Susperregi-Aiestaran VI eta Arluziaga-Zaldua I.

Bost jardunaldi jokatuko dira guztira: uztailaren 11n, 13an, 18an eta 20an; eta hilaren 27an finala. Jaialdi guztiak arratsaldeko 16:30etan hasiko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!