Jolas, zalditxo, zilipurdi eta apar artean gozatuko dituzte San Ferminak haur eta gaztetxoek

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 00:00

Hiru egunez, denetik izango dute etxeko txikienek, Martindegiko jaietan ondo pasatzeko. Gaur bertan izango dituzte jolasak, buruhaundiak, tiro karabina lehiaketa eta puzgarriak.

Adin eta gustu guztietarako festak izan ohi dira Martindegiko San Ferminak, eta halako egitaraua prestatu dute aurtengoan ere. Ez dira kexu izango etxeko txikienak, hiru egunez gozatuko baitute beraientzat espreski antolatutako ekintzekin.

Gaurkoan, Andoni Magoaren ikuskizunaz gain, beste hi­ru ekintza izango dituzte. Aurrena, jaien hasierako kalejiraren ondoren, haur jolasak egingo dituzte plazatxoan, eta buruhaundiak ere aterako dira kalera, haurrak zirikatu eta ipurdikoak banatzera. Arratsaldean, berriz, punteria saioa izango dute, magia ikuskizunaren ondoren: 53garrenez egingo dute tiro karabina lehiaketa. Eta segidan, puzgarriak jarriko dituzte martxan, saltoka eta zilipurdika aritzeko.

Ezberdina izango da biharko eguna. Lasaiago hasiko dute, eta bi ekintza berezi prestatu dizkiete arratsalderako. Batetik, zalditxoen gainean ibiltzeko aukera izango dute. Eta bestetik, apar festa egingo dute, eguraldiak horretarako aukera ematen badu behintzat. Eta hori gutxi balitz, gorputza dantzan jartzeko aukera izango dute ondoren, 19:30etan eskainiko baitu aurreneko saioa Itzal erromeria taldeak, bereziki haiei bideratutakoa. Eta jaien azkeneko orduetan ere, puzgarriak jarriko dizkiete etzi, festak ondo bukatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!