«Gazteek gazteak erakartzen dituzte eta horregatik egiten dugu beraien apustua»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 00:00

Malen Barrenetxea gaur arituko da, Nerea Arrutirekin batera, bere auzoan.

Martindegiko festetan herri kirolek tarte berezia izaten dute. Egunero izango da erakustaldi edo desafioren bat. Gaur, 19:00etan, neska aizkolariak arituko dira, bihar 22:15etan, Zaldi Dema jokatuko da; eta etzi 12:30etan, mutil aizkolarien eta harrijasotzaileen txanda izango da.

«Ondo funtzionatzen duena dagoen bezala utzi behar da». Martindegiko festetan herri kirolek leku berezia dute eta Xabier Barrenetxearen eskutik, egunero, hiru egunetan zehar antolatuko dira aurten ere. Gaur, 19:00etan, aizkolarien txanda izango da. Deman arituko dira bikoteka Malen Barrenetxea auzotarra eta Nerea Arruti, Irati Astondoaren eta Uxue Ansorregiren aurka. Erreleboa Zaldi Demak hartuko du bihar, larunbatean. Afalostean, 22:15ak aldera, indarrak neurtuko dituzte Oiartzungo Aritz Garaiar 'Mixiyua'ren zaldiak eta Hernaniko Inaxio Zerainen zaldiak. Festetako azken egunean, etzi, aizkolariak eta harrijasotzaileak lehiatuko dira 12:30etatik aurrera. Iker Vicente-Aitor Saralegi bikoteak, Hodei Ezpeleta-Igoin Pikabea izango dituzte aurkari. Udane Ostolaza eta Aritz Aranguren 'Norde' harriak, bizkarreratzen saiatuko dira, ahalik eta azkarren.

Xabier Barrenetxeak eskarmentu haundia du Martindegiko festen antolaketan, eta baita herri kirol ikuskizunen antolaketan ere. Aurtengo herri kirol ikuskizunak gaztetasunak lotzen omen ditu. «Lehenengo eguneko emakumeen saioarekin orain bi urte hasi ginen, sagardo dastaketaren aurretik. Igandeko saioari eusten diogu punta-puntako aizkolariekin, eta larunbatean zaldi dema izango da. Aizkolari gazteekin bateratzen ditugu puntakoak, aurrera bide bat emateko. Harrijasotzen neska-mutilak izango ditugu». 

Herri kirolek oso ongi funtzionatzen dutela azpimarratu du Barrenetxeak. «Urumea bailaran indartzen ari dira herri kirolak. Saltsa horretan ibiltzen gara eta etxetik hasi behar da laguntzen».

Laguntza horren fruituak ari dira ateratzen Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun... «Egia esan, indartzen ari da. Hernaniko auzo guztietan daude herri kirolak, eta jendea biltzen dela ikusten da. Gazteek hori behar dute. Entrenatu eta gero plazarik ez badute, asunto kaxkarra izaten da. Aizkora munduan egurra garesti ateratzen da, plazak egiten badira diru pixka bat lortzen dute eta ilusioa pizten da entrenatzen jarraitzeko eta gastuak kubritzeko». 

Antolatzailearen ikuspegitik, Xabier Barrenetxeak esperientzia haundia du. «Beste auzo eta herrietan ere ibiltzen naiz antolatzen. Dagoeneko ohituta gaude mota honetako ekitaldiak antolatzera». 

Esperientzia horretatik gauzak aldatzen nola joan diren ikusi du eta pozten da. «Gero eta neska gehiago dabil eta gazteak ere animatu dira. Iker Vicente eta Hodei Ezpeleta bezalako aizkolariekin aritzea erakargarriago da beraientzat. Gauza ederra da beraiekin batera plazan aritzea. Gainera, gazteetako bat bailarakoa da, Igoin Pikabea, eta bestea, Aitor Saralegi, Iker Vicenteren lehengusua da. Esan daiteke, punta-puntako herri kirol saioa antolatzen dugula Martindegin. Jendearen erantzuna ere oso ona izaten da. Funtzionatzen duenarekin aurrera egin behar da. Urte batzuetan erantzun onik ez dagoela ikusiz gero aldatuko genuke, baina ez da horrela gertatzen».

 

«Zaldi demak jendetza biltzen du larunbat gauean»

Xabier Barrenetxea baikorra da alde horretatik. «Gazteen apustua egin dugu eta gazteak gaztea eramaten du. Kirolari gazteak inguruko adin tarte bereko ikuslea mugitzen du». Gaztea erakartzen duen beste ekitaldia zaldi dema izaten da. Aurten 21garren edizioa biziko du Oialumen. «Urtero, ahal dela, aldatu egiten ditugu lehiakideak. Bat ingurukoa izan dadin saiatzen gara». 

Aurten Aritz Garaiar 'Mixiyua'ren zaldiak eta Inaxio Zerainen zaldiak neurtuko dituzte indarrak. «Zerain aurreko urtean animatu genuen, baina zaldia prestatu gabea zeukan. Aurten, ordea, bertan izango da zaldi berri batekin. Oiartzungoak orain bi-hiru hilabete desafioa izan zuen Perurenako probalekuan, bikote baten aurka. Jendetza bildu zen. Zaldi horrek orduan debutatu zuen. Beraz, Oiartzungo gazte bat, Hernaniko beterano baten aurka jardungo dira. Giroa eta saltsa ez dira faltako».

Zaldi dema ikustera jende asko hurbiltzen da. «Normalean 20 edo 30 minutuko lana izaten da, 900 kiloko harriarekin. Oraindik ez dugu erabaki 20 edo 30 minutuko lanean jarri zaldiak. Bertako harriak 800 kilo ditu. Gertatzen dena da, probalekuetako plazan harria errazago ibiltzen dela. Gurean asfaltoa edo brea da eta gehiago heltzen du, mugitzea zailagoa eginez. Horregatik gure harria 100 kilo arinagoa da, ohikoa baino, zoruak gehiago heltzen duelako».

Gauean antolatzeak ere xarma berezia ematen dio demari. «Normalean egunez izaten dira. Arrakastaren beste faktore garrantzitsua ikusgarritasuna eta dinamismoa izaten da. Idi probak geldoagoak dira, zaldi demak biziagoak dira eta harria azkarrago mugitzen da. Horrek ikusgarriagoa egiten du. Eskertuagoa da eta gazte jendea errazago erakartzen du. Publiko zabalagora iristen da eta horri eutsi nahi diogu».

Gazteak erakartzeko bidean, ekitaldi bakoitzaren iraupena ere ez da luzea. «Ordubeteko saioak izaten dira gehienez. Hortik behera gaurkoa eta igandekoa. Bestela, oso luze izaten da, eta aspertzeko arriskua ere egoten da. Gainera, bizitasun eta ikusgarritasun horrek eragiten du gero dantzaldira edo kontzertura jendea geratzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!