San Ferminak iritsi dira, gora zapi gorriak

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 00:00

Ander Barrenetxea pasa den urteko suziria pizten.

Uztailaren hasierarekin batera urtero ospatzen dira Martindegi auzoko San Fermiñak. Lesakan, Pasaian eta Iruñean bakarrik ez, Hernani eta Astigarraga artean dagoen auzoan ere zapi gorriak janzten dituzte San Fermin festei hasiera emateko.

Gaur bertan hasiko dira festak. Beraz prest dauzkate zapi gorriak auzotarrek, eta haurrak izango dira aurreneko protagonistak. Haiei eskainitako eguna izango da gaurkoa. Kalejirarekin hasi­ko dute eguna, eta auzoko hil­dakoen alde meza egin ondoren, haur jolasak eta buruhaundiak izango dira.
Arratsaldea, berriz, aurtengo berrikuntza batekin hasiko da, Andoni Magoaren Desorekatuak ikuskizunarekin. Ondoren karabina lehiaketa izango da, puzgarriak irekiko direlarik hortik orduerdira.

Tortilla eta sagardo dastaketa

Helduek, berriz, jan-edana izango dute aukeran: tortilla dastaketa egingo dute aurrena, eta saria ere jasoko du onenak. Tortilla goxoena Akelenea jatetxeak sarituko du. Ondoren, sagardoak hartuko du txanda, eta sagardotegi asko izango dira bertan, bere edari onenarekin: Zelaia, Oia­lu­me Zar, Oiarbide, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Elutxeta, Bereziartua, Mendizabal eta Indione. Pintxoak ere jarriko dituzte. Dastaketaren aurretik aizkolaritza saioa izango da, bi bikoteekin: Nerea Arruti-Malen Barrenetxea eta Irati Astondoa-Uxue Ansorregi. Afalostean, erromerian itxiko dute eguna, Bide Batez taldearen doinuei segita.

Bihar auzo bazkaria izango da

10:30etan hasiko dute mobida baserrietan zehar, trikitixaz lagunduta. Gero, oroigarri xume bat eskainiko diete galdu dituzten gertukoei, goiko aristian, eta eskertza egingo diote Tturko familiari, ematen dieten harreraren ordainetan. Auzo bazkaria egingo dute ondoren.

Bihar arratsaldean ere, ez dira aspertuko haurrak. Aurrena, bueltaxka eman nahi duten gaztetxoentzat zalditxoak izango dira. Eta ondoren, apar festak zurituko ditu haur zein gazteak.

Urtero bezala, bi zita berezi izango dituzte larunbat gauean: zaldi dema, Inaxio Zerain hernaniarraren eta Oiartzungo Aritz Garaiar 'Mixiyua'ren zaldien artean; eta platano dantza lehiaketa. Edozein estiloko kantuen erritmora, platanoari ezin eutsi ariko dira dantzan bikoteak, nork gehiago iraungo.

Eta haurrek bakarrik ez, helduek ere mugituko dute gorputza, arratsaldean. Dan­tzal­dia eskainiko du Itzal taldeak, 19:30etan, eta bigarren saio bat ere bai, gauerditik aurrera.

Jexux Mari Irazu, Nerea Ibarzabal eta Amets Arzallus, bertsotan

Lasaiago hartuko dute igandea, 12:30etako bermutarekin, eta herri kirolak izango dituzte ondoren: aizkoran, Iker Vicente eta Aitor Saralegi lehengusuak, Hodei Ezpeleta 'Bihurri' eta Igoin Pikabearen kontra; eta harria jasotzen, Aritz Aranguren 'Norde' eta Udane Ostolaza. Udanek, Aroa Sánchez ordezkatuko du Martindegin.

Bertsoak ere ederrak izango dira igandean, bi saio eskainiko baitituzte Jexux Mari Irazu eta Amets Arzallusek, goizean; eta arratsaldean Nerea Ibarzabal gehituko zaie.
Toka txapelketa nagusia eta puzgarriak bi bertso saioen artean izango dira Eta Izer eta Alaiber trikitilariekin dantzan aritu ondoren, kalejiran bukatuko dituzte jaiak.

SAN FERMIÑAK 2024

MARTINDEGI 

GAUR

10:30 Festei hasiera emateko auzoan zehar kalejira

11:00 Auzoko hildakoen alde meza

Ondoren, hamaiketakoa Oialume tabernaren eskutik

12:00 Haur jolasak eta buruhaundiak

17:00 Andoni Magoa 'Desorekatua'

17:30 LIII. Tiro karabina lehiaketa

18:00 Puzgarriak

19:00 Dastatzeko tortilak jasotzea. Tortila goxoenak Akelenea Jatetxeak emandako saria jasoko du.

19:00 Herri Kirolak. Lau emakume aizkolari beraien arteko deman:
Malen Barrenetxea
Nerea Arruti
Irati Astondoa
Uxue Ansorregi

20:00 Sagardo dastaketa eta pintxoak, ondorengo sagardotegiekin: Zelaia, Oialume Zar, Oiarbide, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petritegi, Larre Gain, Iretza, Artola, Elutxeta, Indioene, Bereziartua eta Mendizabal

22:30 Erromeria Bide Batez taldearekin

BIHAR

10:30 Mobida

13:00 Goiko aristian oroigarri xume bat 'gure artean ez daudenentzat'. Tturko familiari eskertza, ematen diguten harreragatik

14:30 Auzo bazkaria

17:00 Inkansables txaranga

17:30 Gaztetxoentzat zalditxoak

18:00 Apar festa Laket tabernak antolatuta

19:30 Arratsaldeko dantzaldi saioa Itzal taldearekin

22:15 XX. Zaldi dema: Oiartzungo Aritz Garaiar 'Mixiyua' Hernaniko Inaxio Zerain

Jarraian dantzaldia Itzal taldearekin

Ondoren platano dantza lehiaketa xelebrea

ETZI

Goizean goiz Diana Astigarragako Txirriskla txistularien eskutik

12:30 Euskal Festa

Aizkolariak:
Iker Vicente eta Aitor Saralegi
Hodei Ezpeleta eta Igoin Pikabea

Harrijasotzaileak:
Udane Ostolaza eta Aritz Aranguren 'Norde'

13:00 Bertsolarien saioa: Amets Arzallus eta Jexux Mari Irazu

17:30 Toka txapelketa nagusia (Gurutzeta sukaldeak antolatuta)

17:30 Puzgarriak

18:00 Bertsolariak: Amets Arzallus, Jexux Mari Irazu eta Nerea Ibarzabal

Jarraian Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin

Ondoren Kalejira auzoan zehar festei amaiera emateko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!