Salmenten egonkortasuna aurreikusten dute Gipuzkoako enpresek

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 29a, 00:00

Gipuzkoako Bazkundeak argitaratutako txostenak dio, burututako inkestetan, enpresen %37ak hazkunde-itxaropen hobeak iragartzen dituztela, eta %45ak egonokortasuna aurreikusten dutela.

 

Gipuzkoako Bazkundeak 2024ko lehenengo seihilekoko Enpresa perspektibari buruzko txostena argitaratu du, maiatzean egindako inkestetan oinarrituta. Inkesta hauetan, Gipuzkoako 400 enpresa baina gehiagok erantzun dute, eta 4 jarduera-sektore izan dira adierazgarrienak: industria, eraikuntza, merkataritza eta zerbitzuak.

Gipuzkoako Bazkundeak egindako inkestek erakusten dute, Gipuzkoako enpresen salmentak egonkortu egingo direla, «eta sektore batzuetan suspertzea espero da», azaldu du. Burututako inkesta horretan, enpresen % 37ak hazkunde-itxaropen hobeak iragarri dituzte, % 47ak egonkortasuna aurreikusi dute eta enpresen % 16ak jarduera murriztuko dutela aurreratu dute. 

Eta azken lauhilekoko datuekin alderatuta, hobekuntza esanguratsuena salmenten beheranzko bilakaera adierazten duten enpresen kopuruaren jaitsierak eragin du, «% 29tik % 16ra igaro baita», ondorioztatu du Gipuzkoako Bazkundeak. Hala ere, enpresen % 16ak diote salmentek atzera egingo dutela. 

Sektore mailan, emaitzak «heterogeneoak» direla dio bazkundeak. Eraikuntza eta zerbitzuak dira, hain zuzen ere, salmenta-aurreikuspenek hobera egingo dutela adierazten duten sektoreak; «industrian, berriz, salmentei eusteko aukerak gora egingo du». Txikizkako merkataritzak nabarmen egin du gora hurrengo hilabeteetan, baina inkestan parte hartu dutenen % 28ak ezegonkortasuna erakusten du oraindik ere.

Esportazio aurreikuspenei dagokienez, urte hasierarekin alderatuta, zertxobait hobetzen dira; eta ondorengoa azaldu du Gipuzkoako Bazkundeak egindako txostenean; «aldi horretan enpresa askok beheranzko bilakaera izan dutela adierazi dute (% 24). Egoerak hobera egin du, industriaren sektorean salmentei eusteko aukerak dituzten enpresen kopuruak gora egin duelako (% 49), eta salmenten beherakada aurreikusten dutenak % 17 dira. Datu horiek, ordea, urtarrilean egindako azken inkestakoak baino zertxobait okerragoak dira». Beraz, Bazkundeak ondorioztatu du zerbitzuen sektorearen esportazio-aurreikuspenak nabarmen hobetu direla: «sektore horrek Gipuzkoako esportazioetan duen pisua txikiagoa denez, datu orokorretan duen eragina neurritsua da».

Enpleguaren egonkortasuna da lurraldeko enpresen gehiengo zabal batek markatzen duen ikuspegia, «hori baita enpresen % 70ek adierazitako iritzia». Enpresen % 21ek adierazi du plantillak haundituko dituela datozen hilabeteetan, eta % 9ak, berriz, kontrakoa.

Enpresek datozen hilbeteetarako adierazi dute inbertitzeko ahaleginari eustea (%60) izango dela joera.

Sektorearen xehetasunari dagokionez, industriak egonkortasuna erakusten duela dio Bazkundeak burututako txostenak, eta eraikuntzak urtearen hasierarako adierazitako egoera hobetuko duten aurreikuspenak egiten ditu. «Zerbitzuen sektorearen eta, batez ere, txikizkako merkataritzaren posizioak apaldu egin direla. Zerbitzuen sektorean, enpresen % 22ak inbertsioak haundituko ditu, eta % 12ak, berriz, murriztu. Joera positiboari eutsi dio». Txikizkako merkataritzan, berriz, enpresen ehuneko berak (% 17) adierazi du inbertsioak handitu edo murriztuko dituela, eta % 66ak adierazi du eutsi egingo diola inbertsioari.

Gipuzkoako Bazkundeak ateratako ondorioak

Gipuzkoako Bazkundeak 2024ko lehenengo seihilekoko Enpresa perspektibari buruzko txostenean aterako ondorioak, ondorengoak dira, besteak beste: «Gipuzkoako enpresek egoera egonkorra aurreikusten dute datozen hilabeteetan, sektore batzuetan suspertzeko joerarekin; negozio-zifrek hazteko joera dute, baina ez sektore guztietan; eta esportazioak positiboak izan dira, baina datuak zertxobait okerragoak dira urtarrilean egindako inkestakoak baino».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!