Irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Urretxun

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 28a, 00:00

Asier Azpiroz eta Goizane Alvarez atzoko prentsaurrekoan.

Bailarako bost bertsolarik eta hiru epailek hartuko dute parte. Saio guztietarako sarrerak salgai jarri dituzte jada www.bertsosarrerak.eus-en.

Bost urteren ondoren, bueltan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Atzo egin zuten aurkezpen prentsaurrekoa Donostiako Foru Aldundian, eta bertan azaldu zituzten aurtengo lehiaketaren nondik norakoak Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak. 

Irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an amaituko da txapelketa, eta tarte horretan hamasei saio jokatuko dira Gipuzkoako herrietan. Final zortzirenetako lehenengo saioa Urretxun izango da, eta aurtengoan ere Illunbek hartuko du final haundia.

Bailarako herrietan ez da saiorik jokatuko, baina bertako bost bertsolarik hartuko dute parte txapelketan. Gipuzkoa Bertsotan fasetik sailkatu dira Eli Pagola, Andoni Mujika 'Anatx' eta Andoni Rekondo; final zortzirenetan hasiko da zuzenean Eñaut Martikorena; eta final laurdenak iritsi arte itxaron beharko du Agin Laburuk. Epaileei dagokienez, Bakarne Urreaga, Amaia Otxotorena eta Iñigo Legorburu arituko dira udazkeneko faseetan. 

Guztira 48 bertsolarik abestuko dute txapelketan, eta final zortzirenak, final laurdenak eta finalerdiak jokatu ondoren, zortzi bertsolari iritsiko dira Illunbera.

Saio guztietako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko www.bertsosarrerak.eus webgunean.

Saio guztien egutegia ikusteko aukera, hemen: https://labur.eus/qqwvz

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!