Deialdia egin du Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko Gizarte Zerbitzuak, familia-langile lanpostuan aritzeko izengai zerrenda osatzeko; eta interesa dutenek, bihar arte daukate izena emateko aukera: Gizarte Zerbitzuaren Erregistro orokorrean (Leitzako udaletxean); edo online, egoitza elektronikoaren bitartez (lagagizartezerbitzua.egoitzaelektronikoa.eus). Zehazki, gaur eguerdiko 14:00etan bukatuko da epea.
Epea igarota, onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratuko dute lagagizartezerbitzua.org atarian. Hiru eguneko epea izango da erreklamazioak aurkezteko, eta ondoren, behin betiko zerrenda kaleratuko dute, hautaketa probak egiteko datarekin eta tokiarekin batera.
Probak gainditzen dituztenekin, hiru zerrenda egingo dituzte. Horietako bat, osatuko dute profesionaltasun ziurtagiriak eskatzen duen titulazio ofiziala egiaztatzen duten langileekin: erizaintzako zainketa osagarrietako teknikaria; mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko teknikari titulua; gizarteratzeko goi-mailako teknikaria; eta pertsonei arreta soziosanitarioa etxean emateko profesionaltasun ziurtagiria. Bigarren zerrendan egongo dira salbuespenezko edo behin-behineko gaikuntza aurkezten duten langileak. Eta hirugarrenean, eskatutako lanbide kualifikaziorik ez dutenak. Baldintzak eta informazio osoa: lagagizartezerbitzua.org.