Ander Amonarriz bigarren izan da T3T maratoian, irabazlearekin lehia estuan

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 19a, 08:19

Hernaniarrari azkeneko jaitsieran egin zion ihes Iñigo Uribeetxebarria legazpiarrak, eta 54 segundu atzetik iritsi zen Tolosako helmugara. Hodei Lujanbio goizuetarra laugarren izan zen.

Aurreko igandean jokatu zen, Tolosan, T3T mendi maratoia, eta Urumea bailarako zortzi korrikalarik osatu zuten 44 kilometroko ibilbide gogorra, beroari aurre eginez. Horietatik bost, gainera, aurreneko 20 postuetan sailkatu ziren.

Ander Amonarriz hernaniarra izan zen zortzietan azkarrena, eta oso oso gertu izan zuen garaipena. Bere aurreneko maratoia izan arren, ia bukaerara arte eutsi zion Iñigo Uribeetxebarria irabazleari. Legazpiarrak azkeneko jaitsieran egin zion ihes, eta 54 segunduko tartetxoarekin iritsi ziren Tolosako helmugara, Uribeetxebarria garaile (4:17:03) eta Amonarriz bigarren (4:17:57). 

Gainera, podiumera igotzetik oso gertu geratu zen Hodei Lujanbio goizuetarra, eta laugarren sailkatu zen, T3Tn bigarren aldiz, 4:25:37 denborarekin. Adur Mendizabal zaldibiarra izan zuen aurretik (4:21:47).

Beste hiru urumear sailkatu ziren aurreneko postuetan: elkarrekin irrifartsu iritsi ziren helmugara Xabat Pagola ereñotzuarra eta Jon Ander Olazabal hernaniarra, 13garren eta 14garren, 4:50:33 denborarekin. Eta pixka bat atzerago Jokin Uzkudun hernaniarra, 19garren (4:54:42).

Maratoia osatzea lortu zuten Ivan Sorondo (87garren, 5:59:58), Julen Zulaika (95garren, 6:02:19) eta Mitxel Lamuedra (199garren, 8:20:27) hernaniarrek ere.


Xabat Alonso bederatzigarren, T2Tn

Egun berean eta Tolosan bertan, 24 kilometroko T2T proba ere jokatu zen, eta bailarako bost korrikalarik osatu zuten. Xabat Alonso hernaniarra izan zen lehena helmugan, bederatzigarren postuan sailkatuta, 2:18:01 denborarekin. Ekain Nogueira herrikidea 28garren izan zen (2:32:50), Jon Murua 85garren (2:53:05), eta Mattin Sanzberro 122garren (3:02:22), Ainhoa Arrutirekin batera helmugaratuta: emakumezkoetan seigarren sailkatu zen Agerreko urnietarra.

Imanol Benito astigartarrak ere osatu zuen 24 kilometroko ibilbidea, 172garren helmugaratuta (3:13:20).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!