Astigarragak 2-1eko abantaila baliatu nahi du bihar Aiaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 19a, 00:00

18:00etan hasiko dira, Txomiñenen, gomazko paletan Herriarteko finalerdietako itzulerako partiduak.

 

Astigarragak bihar, gomazko paletan, Herriarteko finalera sailkatzeko aukera du Txomiñenen, 18:00etatik aurrera. Aiaren aurka, finalerdietako itzulerako hiru partiduak jokatuko ditu 2-1eko abantailarekin. Joanekoan astigartarrek bi partidu irabazi zituzten eta bakarra galdu. 57 tanto egin zituzten eta 46 tanto egin zituzten aiarrek. 

Axier Salaberriak jokatuko du buruz burukoan, Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain izango dira binakako ordezkariak eta banaka, zazpibarruan, Ganix Urdangarinek jokatuko du. Buruz burukoan lortu zuen puntua Aiak joanekoan 20-17ko markagailuarekin. Beste bietan 20-13 irabazi zuten astigartarrek. Aurkaria Mutriku eta Donostiaren arteko finalerditik irtengo da. Mutrikuarrek 2-1eko abantaila dute.

Irazustabarrena, txapeldun Oiartzunen eta azpitxapeldun Mungian

Amaia Irazustabarrenak final ezberdinak jokatu zituen pasa den asteburuan. Oiartzunen banaka Antxin Memoriala irabazi zuen Haizea Salanueva gasteiztarrari irabazi eta gero. Hondarribian ere jokatu zuen eta hirugarren partidu batean ere aritu zen Mungian.

Mungiako Urrezko Pala Txapelketako finalean, Leire Etxanizekin, batera, 2-1 galdu zuten Nagore Martin eta Naroa Saezen kontra. Aurreneko seta galdu egin zuten Irazustabarrenak eta Etxanizek. Partidua berdintzea lortu zuten, baina set erabakigarrian 11-9 aurretik joan eta gero, 11-12 galdu zuten. Partidu ikusgarria izan zen eta txalo zaparrada jaso zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!