Oier Prietok eta Iker Otxotorenak sutan jarriko dituzte zaleak gaur kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 15a, 00:00

Oier Prieto astigartarra 58 kilotara igoko da gaurko borrokan eta Iker Otxotorena 74 kilotan lehiatuko da.

'Hernani Sutan' boxeo belada gaur izango da Hernaniko kiroldegian 18:00etatik aurrera hamar borrokekin. Iker Otxotorena hernaniarrak hirugarren borrokaldian bere lehenengo borroka izango du eta Oier Prieto astigartarrak azken borrokaldian bere 19garren borroka izango du.

Oier Prieto (Astigarraga, 27 urte) eta Iker Otxotorena (Hernani, 29 urte) boxeolariek sutan jarriko dituzte gaur boxeo zaleak Hernaniko kiroldegian. Hamar borroka izango dira 18:00etan hasita eta ateak 17:30etan zabalduko dituzte ikusleentzat. Hernani Sutan boxeo belada antolatu du Sorabox taldeak. Oier Prieto astigartarra hamargarren borrokan arituko da eta Iker Otxotorena hernaniarrak hirugarrenean borrokatuko du.  Bi ordu t'erdi inguruko belada izango da. 

Iker Otxotorenaren debuta izango da gaurkoa. Astean zehar ez da urduritu eta gogotsu agertu da borrokaldiari begira. «Nafarroako Adrian Celiren (Nafar Sustraiak) aurka borrokatuko dut hirugarren borrokaldian. Ez dut ezagutzen eta ez dut inoiz boxeatzen ikusi. Gogotsu nago. 74 kiloko mailan arituko naiz». Debuterako asko prestatu da. «Orain dela zortzi hilabete hasi nintzen boxeoan eta esperientzia oso ona izan da». Boxeo zaletasuna beti izan du, baina «hasteko pausoa ez nuen ematen. Hernaniko beladak aurretik ikusi izan ditut» eta orain bera da protagonistetako bat. «Ez dut aurkaria ezagutzen, baina gogo asko ditut eta gauzak ongi joango direnaren esperantza haundia dut». 

Oier Prietoren kasua bestelakoa da. Euskadiko txapelduna da 54 kiloko mailan eta esperientzia haundia du. 18 borroka ditu soinean, boxeoan orain zazpi urte hasi zenetik. «Horietatik lau galdu ditut eta larunbatekoa 19garren borrokaldia izango da. Oraingoz gauzak oso ongi joan dira».

Nahiz eta 54 kilotan borrokatu normalean, gaur Hernanin, 58 kilotan borrokatuko du. «Aurkariak aurreko astean galdu egin zuen bigarren asaltoan eta horren ondorioz ezingo du borrokatu hilabete batean. Hori dela eta aurkaria aldatu dute, Kantabriako gazte bat izango da lehiakidea beladako hamargarren eta azken borrokan. Bideo txiki bat ikusi dugu, baina ez dut ezagutzen». 

20 urte inguru zituenean hasi zen boxeoan Oier Prieto. «Boxeoan hasteko gogoa betidanik izan nuen. Aitona ere boxeolaria izan zen, bere garaian, eta animatu egin nintzen. Entrenatzeko eta pisua jaisteko ere baliatu nuen. Xarma berezia du boxeoak eta horri heldu nion». 

Boxeoak jendea asko erakartzen du eta bere sareetan kirolari asko geratzen dira harrapatuta. «Zaila da azaltzea, sentimendu asko sortzen baititu. Borroka aurretiko urduritasuna eta gero ring gainean bata bestearen aurkako borroka horrek berezia egiten du. Zuk prestatu duzuna lau soken barruan erakutsi behar duzu», nabarmentzen du astigartarrak. 

 

«Boxeoa oso kirol teknikoa da»

Oier Prietok azpimarratzen du borroka aurretik prestatzen dela eta orain bizi izan du hori lehenengo aldiz Iker Otxotorenak. «Boxeoa oso kirol teknikoa da, hasi berria naiz eta oraindik asko ikasi behar dut. Denbora asko behar da ikasteko, baina gogoak ez zaizkit falta». 

Gaur egunean modan jarri dira borroka mistoko kirolak (MMA) eta horrek boxeoan duen eragina azaltzen dute bi boxeolariek. «Orain jende gehiago animatu da kontaktuko kiroletara eta boxeoarentzako ere mesedegarria da. MMAn jende asko dabil eta bi kirolak uztartzen dituzte. Boxeoa lantzen dute teknika hobetzeko, oso ezberdinak baitira», gogoratzen du Prietok. 

Hala ere boxeoa gogoko izateak ez du ziurtatzen beste kontaktuko kirolen zale izatea Ikerrek eta Oierrek diotenez. «Niri gustatzen zaizkit. Ez nuen pausoa eman belauneko lesio baten ondorioz. Futbolean jokatzen nuen», nabarmentzen du Otxotorenak. 

Boxeoaren garai ezagunenak Euskal Herrian 20garren mendean izan ziren. 80garren hamarkadan hasi zuen beheranzko joera. Iker eta Oier gazteak dira, baina izan dute horren berri. «Aitonak esan izan dit belada asko antolatzen zirela. Astebururo omen zegoen borrokaldiren bat. Gipuzkoan orain lau hilabetetik bat egoten da. Bizkaian gehiago antolatzen dira eta orain afizio gehiago dago». gogoratzen du Prietok. «Niri aitak komentatu dit», gehitzen du Otxotok.  

Oier Prietok, Kiko Martinez boxeolaria du erreferentziatzat. «Espainiarra da, andaluziarra, eta nire pisuan Munduko txapelduna izan zen. Oso langilea da». 

 

Espainiako Txapelketarako prestatzeko, Prietok 

Hiru minutuko hiru asalto izaten dituzte amateur mailako borrokaldiek. Oier Prieto gainera Euskadiko txapeldun da. «Aurten hirugarren aldiz izan naiz Euskadiko txapeldun eta Hernaniko borrokaldia Espainiako Txapelketa prestatzeko erabiliko dut. Bigarren aldiz da bertan parte hartuko dudala. Lehendabiziko aldian esperientzi gutxi nuen, zazpi borrokaldi. Erkidego bakoitzetik boxealari bat joaten da, txapelduna, uztailaren 15etik 21era izango da Leonen». Oierrek txapela irabazteko aukerak ikusten ditu. «Irabazi dezakegu». 

 Iker Otxotorenak esperientzia lortzeko baliatuko du borrokaldia. «Berria da niretzat eta errespetuarekin igoko naiz ring-era». Oierrek lasaitasuna gomendatzen dio Ikerri. «Eta entrenatzaileari entzun goran zaudenean. Ikasitakoa egin behar du». Otxotoren entrenatzailea Aritz Padura da eta Oier Prietorena Ramón Cid. «Biak Anoetako Gimnasioan entrenatzen dugu. Aritz Padura hasi berria da entrenatzaile lanetan, Ramonek urteak daramatza eta nik bost urte daramatzat berarekin». Iker Otxotorena eskubia da eta Oier Prieto ezkerra. «Nire aurkaria ere ezkerra da», gaineratzen du Otxotok. «Horrek beti zailtzen du borroka».

Etxekoen eta lagunen animoak ez dira faltako gaur kiroldegian. «Animatzera etorriko dira eta urduri ez jartzea espero dut». dio hernaniarrak. Prietoren lagunak eta senideak ohituagoak dauden arren amak gaizki pasatzen omen du. «Amona etorri ere ez da egiten. Lasaiago egon daitezen gezur txikiak ere esaten dizkiet. Hau edo hura txarra dela esaterako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!