Gaur, Urumea bailarako 100 haur inguru elkartuko dira Goizuetako zenbait txoko ezagutzeko. Bertako natura inguruneari eta ondareari buruzko jarduerak burutuko dituzte, izan ere, Urumea Arnastu egitasmoaren testuinguruan antolatu da irteera hau, 2023ko edizioko mugaz gaindiko Tantaka proiektuaren barruan. Antolatzaileek azaldu dute, naturan ondo pasatzeaz gain, jarduera honen bidez, bailarako umeen arteko harremanak sustatu nahi dituztela, «eta baita Urumea ibaiaren inguruan lantzen ari diren proiektuen berri ematea ere».
Aipatutako Tantaka proiektuan parte hartzen dute Nasuvinsak (Nafarroako Gobernua), Bidarraiko Udalak (Nafarroa Behera) eta Hernaniko Udalak. Mugaz gaindiko proiektu honek Euroeskualdeko ibai-eremuen garapen iraunkorra bultzatzea du helburu nagusia: «zehazki, Urumea ibaia eta Bastan ibaiaren kudeaketa eta garapen iraunkorren lanketa koordinatua gauzatzea ahalbidetuko du».