Urumea bailarako lau herrietan nagusitu da EH Bildu, oso nabarmen, Europar Parlamenturako hauteskundeetan. Orain Errepublikak plataformaren baitan, alde haundia lortu du gainerako alderdiekin.
Hernanin, ia botoen erdia eskuratu du EH Bilduk, %49,56a (3.906 boto). PSOE izan da bigarren indarra, %19,84arekin (1.564 boto); eta EAJ-PNV hirugarrena (%14,14a, 1.115 boto), CEUS koalizioaren baitan. Atzerago, nahiko antzera izan dira PP (%4,21), Podemos (%4,09) eta Sumar (%3,26). Partehartzea %50,09koa izan da Hernanin.
Astigarragan, berriz, %45,42koa izan da partehartzea, eta botoen %42,51 lortu du EH Bilduk (1.096 boto), PSOE bigarrenak lortutakoen bikoitza baino gehiago. Sozialistek 519 boto jaso dituzte (%20,13), EAJri aurrea hartuta (%15,36a, 396 boto). Hernaniren antzera, atzerago geratu dira PP (%5,89), Sumar (%4,57) eta Podemos (%3,95).
Goizuetan eta Aranon are nabarmenagoa izan da EH Bilduren nagusitasuna. Goizuetan botoen %78,94 jaso du (255 boto), eta ia ezerezean geratu dira gainerakoak: Geroa Baik %8,35 (27 boto), PSOEk %6,5 (21 boto) eta PPk %3,71 (12 boto). Bina boto jaso dituzte Sumarrek eta VOXek. %59,63koa izan da partehartzea.
Aranon, berriz, botoen %75 lortu du EH Bilduk (30 boto), %44,94ko partehartzearekin. Bost boto jaso ditu PSOEk (%12,5), eta bana Ciudadanos, Geroa Bai, Iustitia Europa, Cree en Europa eta Piratak taldeek.
EH Bildu nagusi EAEn, eta PSOE Nafarroan
Emaitza orokorrei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan ere EH Bildu izan da nagusi, botoen %26,2a jasota, PSOEren (%25,92) eta EAJ-PNVren (%22,4) aurretik. Gipuzkoa izan da bere garaipenaren oinarri: botoen %34,47 lortu du bertan, PSOE (%23,92) eta EAJ-PNV (%20,66) nabarmen atzera utzita.
Nafarroan, berriz, PSOE izan da alderdi bozkatuena, botoen %28,79a jasota, PPren aurretik (%28,02). EH Bilduk botoen %18,75 lortu du bertan.
Espainia mailan, aldiz, PPk irabazi ditu Europar Parlamenturako hauteskundeak, botoen %34,2arekin, PSOEren aurretik (%30,2). VOX izan da hirugarren indarra (%9,6).
Honakoa izango da Espainiari dagozkion 61 europarlamentarien banaketa: PPk 22; PSOEk 20; VOXek 6; Orain Errepublikak plataformak, Sumarrek eta Se Acabó la Fiesta taldeak hiruna; Podemosek bi; eta Junts+ eta CEUS taldeek bana.