Astigarragak aurrera egin du Herriartekoan, eta eskuz zein palaz geratu da kanpoan Hernani

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 10a, 00:00

Beñat Zubiarrainen eta Mikel Txoperenaren garaipenak eman zion pasea Astigarragari.

Etxean 1-2 galdu arren, semifinaletarako txartela lortu dute palista astigartarrek. Hernanik ezin izan ditu bere bi kanporaketak irauli.

Astigarraga izango da bailarako ordezkari bakarra, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren semifinaletan. Paleta gomazko final laurdenetan, joanekoan lortutako 3-0eko emaitza baliatu dute aurrera egiteko, nahi baino gehixeago kostata: 1-2 galdu zuten Txomiñenen, Zestoaren kontra. 

Aurreneko partiduan, Axier Luluagak 15-20 galdu zuen buruz burukoan, baina berehala ziurtatu zuten pasea Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainek, binakako partiduan 20-8 nagusituta. Hirugarren partiduan, berriz, Iker Lasok 8-20 galdu zuen zazpi barruan.

Orain, Aia izango dute kontrario astigartarrek, finalerako txartelaren bila, datozen bi asteburuetan. Hain juxtu, Aiak kanporatu du Hernani final laurdenetan. Joanekoan baino nabarmen hobeto aritu ziren hernaniarrak bueltakoan, etxean; baina ezin izan zuten Aiako 0-3koa irauli. Endika Ramosek 20-17 irabazi zuen buruz burukoan, eta aiarrak ezin estuago hartu zituzten Alain Agirrek eta Mikel Manterolak, binaka. Tanto erabakigarria, ordea, Aiako bikotearen aldera erori zen (19-20), eta horrekin batera semifinaletarako txartela. Hirugarren partiduan, jada aukerarik gabe, garaipena lortu zuen Iker Zurutuzak zazpi barruan (20-17). Binakakoan azkeneko tanto hori lortuta ere, markagailu horiekin txapelketatik kanpo geratuko zen Hernani, joanekoan 19 tantoren desabantaila pilatu zuelako; baina batek daki zer gertatu zitekeen hirugarren partiduan, Hernanik aurreneko biak irabazi eta aiarrei presioa sartuta...
 

Hernani aukerarik gabe Oiartzunen, eskuzko lehian

Eskuzko Herriartekoan ere ez du kanporaketa iraultzerik lortu Hernanik, final laurdenetan. 1-2ko emaitzari eta 17 tantoren desabantailari eman behar zion buelta Oiartzunen, eta hasieratik zaildu zitzaion. Ekhi Osesek eta Manex Alberdik 13-22 galdu zuten kadeteetan, joaneko partiduan bai­no nabarmen hobeto aritu ziren arren. Aukera matematikoak ba­zeuz­kan Hernanik oraindik, baina erronka ia ezinezkoa zen, oiartzuarrek jubeniletan duten maila ikusita. Eta agerian geratu zen hori, bigarren partiduan: ezinean aritu ziren Xuban Iturbe eta Oihan Legarreta, eta 2-22 galdu zuten. Hirugarren partiduan, joanekoan bezalaxe, kontsolazioko puntua lortu zuten Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak, nagusietan 22-10 irabazita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!