Asteazkenean bildu zen Eskola Agenda 2030eko Udal Foroa, Hernaniko udaletxeko pleno aretoan. Bertan egin zuten bat udal ordezkariek eta teknikariek, eta herriko sei ikastetxeetako ikasleen ordezkariek. Energiaren gaia jorratu dute ikasleek kurtso honetan, eta egindako lanketaren eta emaitzen berri eman zioten Udalari, baita proposamen zehatzak egin ere.
Energiaren lanketa egiteko, harreman zuzena izan dute Lehen Hezkuntzako ikasleek herritarrekin, eta herriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduekin. Galdetegien bitartez jaso dute energiaren gaineko ezagutza, kezka eta interesa. Horrela, ikasleek aditzera eman dutenez, Hernaniko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan apenas erabiltzen da energia berriztagarririk: «askok ez dakite zenbat kontsumitzen duten beraien tresnek, eta harritu bagaitu ere, gehienek ez dute jakiteko interesik».
Herritarrei egindako galdeketan, berriz, 605 erantzun jaso zituzten, haien energia ohituren inguruan. Kasu honetan, bere lanketa propioa egin zuten Txirrita eskolakoek Ereñotzun.
Energia berriztagarrietan zentratu dute bere lanketa DBHko ikasleek, eta ondorio garbia atera dute: «Hernanin oso energia berriztagarri gutxi erabiltzen da gaur-gaurkoz, eta abantaila haundiak izango genituzke gehiago sortuko bagenu».
Zentzu horretan, aitortu dute azken urteotan «lanketa haundia» egin dela Hernanin, energiaren inguruan: «kiroldegian biomasa sistema jartzea, Enherkomen sorrera, bidegorriak, bizikletentzako konponketa guneak eta aparkatzeko tokiak jartzea...». Kiroldegiaren kasuan, zehazki, energia berriztagarrien sistema bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute DBHko ikasleek, kurtso honetan: «Herrian energia berriztagarrietan dugun eraikin modernoena da ziurrenik», aipatu zien Xabier Lertxundi alkateak. Kulturarteko Plaza Feministako sistema ezagutuko dute datorren astean bertan, eta baita Energia Bulegoa ere.
«Datu hauek oso erabilgarriak izango dira Udalarentzat»
Lanketaren berri emanda, eskaera zehatzak egin zizkioten ikasleek Udalari: administrazio publikoan energia faktura murriztea, elkarlanerako hitzarmenak sinatzea, energiaren sorrera komunitarioa sustatzea eta mugikortasun iraunkorragoa bultzatzea, besteak beste.
Ekarpenak eta eskaerak jasota, ikasleak zoriondu zituzten Xabier Lertxundi alkateak eta Axier Mingo Hezkuntza zinegotziak, egindako lanagatik: «Udalarentzat oso erabilgarriak izango dira ekarri dizkiguzuen datuak. Aztertzen ari gara zein aukera dauden udal eraikinetan eta ikastetxeetan eguzki plakak jartzeko, eta milioi bat euro daukagu jasota lan horietarako», aurreratu zuten.